RAFAEL MONEO
“Kursaaleko Biltzar Jauregia eta Auditorioa”
1973. urtean, eraitsi egin zen toki berean zegoen Kursaal eraikina (1921),
kasinoa eta antzokia biltzen zituena. Hainbat gorabeheraren ondoren, ideia-lehiaketa
baterako deialdia antolatu zen auditorio bat eta biltzar-jauregi bat eraikitzeko.
Rafael Moneok irabazi zuen lehiaketa hura “Hondoa jotako bi harkaitz” izeneko
ideiarekin. Moneori berari eskatu zitzaion proiektua gauzatzeko, eta 1996-1999
urteetan eraiki zen.
Plataforma batetik ateratzen diren bi prisma dira. “Kubo” bakoitzak fabrika-obraz
egindako prisma bat dauka barrualdean. Prismaren barruan, areto bat ikus daiteke,
baita metalezko egitura bati loturik dauden beirazko panel batzuek eratzen
dituzten aldagelak eta korridoreak ere.
Kubo handian, ibaiarekiko paraleloa dena, auditorio/antzoki bat dago, 1.800
ikusle har ditzakeena. Kubo txikian, berriz, ganbera-musikarako aretoa/biltzar-jauregia
dago, 600 lagun sartzeko modukoa. Eraikinaren gainerako espazioan (sotoak eta
plataforma), erakusketa-areto bat, erabilera anitzeko areto bat, jatetxeak,
dendak, aparkalekuak… egin dira.
Rafael Moneo Tuteran jaio zen (Nafarroan). Arkitektura ikasi zuen, Madrilen
(1961), eta aldi berean, Saez de Oiza-rekin lan egin zuen. Aurrerago, Jorn Utzon-ekin
jardun zuen, Danimarkan (1961-1962). Irakaskuntzan ere lan handia egin du:
Bartzelonako Arkitektura Eskolako Konposizio-katedra; eskolak eman ditu New
Yorken, Lausannen, Princentonen eta Harvarden; eta, 1985-1990 urteetan, Graduate
School of Design eskolako dekanoa izan zen.
Hona hemen Moneok diseinatutako beste obra batzuk: Bankinter eraikina (Madril,
1976), Atotxako tren-geltokiaren birmoldaketa (Madril, 1992), Sevillako
aireportuaren terminala (1991), Miro Fundazioa (Palma, 1993), Estokolmoko Arte
eta Arkitektura Museoa (1991)… Arkitektura-sari ugari jaso ditu, besteak beste,
Pritzker sari entzutetsua.
Argazkia: JAS, 2005
Tokia: Donostiako Alde Zaharra
|