|
IGNAZIO DE LIZARDI
MIGUEL DE SALEZAN
“Koruko Andre Mariaren basilika”
Gaur egun mirets daitekeen eraikin barroko hau, batez ere, Caracaseko Real
Konpainia Gipuzkoarrak finantzatu zuen. Antza denez, Pedro Ignazio de
Lizardi izan zen diseinuaren egilea (1743.-1745. urteak), baina Miguel de
Salezanen eta Domingo Yarzaren eragina ere nabaria da. Hasiera batean,
eraikuntza pertsona hauen esku egon zen: Pedro Ignazio de Lizardi, haren
aita Jose de Lizardi, Martin de Sarobe eta Juan Bautista de Intxaurandiaga.
Zuzentze-lanak Pedro Ignazioren esku geratu ziren; baina, 1755. urtetik
aurrera, Francisco de Iberok hartu zituen bere gain, amaitu zen arte,
1774. urtean.
45 x 33 metroko oinplanoa eta launa zati dituzten hiru nabe dauzka.
Erdialdeko nabeak —zabalagoa da— presbiterio erdi zirkularra du amaieran,
labe-ganga batek itxia.
Gangak sei zutabe oktogonal sendoren gainean daude, eta zutabe horiek
gangetatik gora egiten dute teilatuaren egiturari eusteko. Badaude beste
hamalau zutabe itsatsi ere, barrualdeko kontrahorma gisa, alboetako
aldareek hartzen dituzten espazioak eratzen dituztenak. Presbiterioaren
hurrengo zatia estaltzen duten gangak trenkatuak dira; eta gainerakoak
gurutzeria-gangak, gurutzadura izan ezik, petxina gaineko kupula batek
estalia baitago.
|
Espazio osagarriak elkarrekin komunikaturik daude. Santa Maria izena duen
nabeak iparralde osoa hartzen du, eta gaur egun tarteko oin bat dauka,
altuera dezente txikitzen diona. Bi sakristia daude, eta txikienaren
gainean Koruko Andre Mariaren irudia dago. Behera joateko eskailera
kiribil bat ateratzen da sakristia txikienetik.
Gainaldean dauden espazioetara joateko harmailadi handi bat dago,
sakristia txikiaren eta Santa Maria nabearen artean. Sakristia txikiaren
eta Santa Maria nabeen gainean, beste espazio batzuk daude, garai batean
kapitulu-gela eta hasikinen aletegi gisa erabiltzen zirenak. Haietara
jotzeko, sakristia txikia eta Santa Maria nabea lotzen dituen eskailera
handia igo behar da.
Elizan, korua dago, harmailadi batek komunikatua. Koruan aipagarriak dira
aulkiteria erdi zirkularra (Francisco Bocente y Mendia) eta organo
erromantiko bikain bat (Cavaillé-Coll, 1863), 2.366 hodi dituena eta
fatxada organo barroko zahar bati dagokiona.
Erretaula nagusia (Koruko Ama Birjinarena) eta haren alboetara daudenak
(San Pio V.arena eta Santa Barbararena) klasizistak dira. Diego de
Villanuebak diseinatu —Santa Barbararenarekin zalantzak daude—, eta
Francisco de Azurmendik egin zituen. Hauek dira gainerako erretaulak,
denak rococo estilokoak: Santa Katalinarena edo Kontsulatuarena (Tomas
Jauregi); San Pedro eta San Antonio (ustez, Francisco de Azurmendi edo
Francisco de Ugartemendia dira egileak). Bakarneren eta Jesus
Bihotzekoaren aldareak neoklasikoak dira, haiek gauzatzeko Kontsulatuaren
aldarea egiteko baztertu zen diseinua erabili zen, Ventura Rodriguezek
egina.
Gaur egun, kapera bat dago Santa Mariaren korridorearen mendebaldean, Bake
eta Pazientziaren Kristoa (XVI. mendea) buru duena. Irudiak ez dauka arte-baliorik,
baina balio sentimental handia du, harresiaren Lurreko Atean jarrita egon
baitzen, Hiri aldera begira zegoen aldean.
Kanpoaldean, aipatzeko modukoa da eliz atari nagusia, kale Nagusira ematen
duena, eta urrun dagoen Katedralaren aurrez aurre dagoena. Rococo
estilokoa da, eta alboetan aurreratuago dauden bi dorre ditu fatxada
gainean. Konkatua ageri da, kontrastea eginez fatxadaren ganbiltasunarekin.
Ikonografiari dagokionez, Andre Mariari buruzkoa da, arrokaiazko
apaingarriek lagunduta. Goialdeko horma-hobi batean, San Sebastianen
irudia gurtzen da.
Argazkia: JAS, 2005
Tokia: Donostia. Kale Nagusia.
|