Argazki@

Home  

Index

Euskaraz  

Español

Baserriak   

Caserios

Kostaldea  

Costa

Landaretza   

Vegetación

Arkitektura   

Arquitectura

Eskultura   

Escultura

Iturraran   

Iturraran

Ibaiak   

Ríos

Miramon   

Miramon

Donosti zaharra   

Viejo Donostia

Irun zaharra   

Viejo Irun

Tolosa zaharra   

Viejo Tolosa

Oarsoaldea   

Viejo Oarsoaldea

Iglesia de San Vicente (Donostia - San Sebastian ) 

MIGUEL DE SANTA CELAY, JUAN DE URRUTIA

“San Bizente eliza”

Lehengo San Bizente elizak San Salbador izena izan zuen, eta XII. mendearen azken urteetan eraiki zen, estilo erromanikoan, seguruenik. Elizaren nabeek ezagutu zituzten eliztarren artean hirian bizi zen gaskoi-talde handi bat aipatu behar da.

Zalantzarik gabe esan daiteke zenbait auzitarako San Bizente eliza Santa Mariaren elizaren menpe egon zela urte askotan, Santa Maria baitzen hiriaren jatorrizko eliza. Bi elizak loturik zeuden, kabildo bakarraren esku zeuden, eta geografikoki ez zuten mugaketa propiorik. 1540. urtera arte, ezin izan zen bataiorik egin San Bizente elizan.

Paulo III.a aita santuak San Bizente elizaren autonomia berretsi zuen, 1544. urtean. Baina, egia esateko, 1576.era arte ez ziren eliztarrak banatu bi elizen artean.

Gaur eguneko San Bizente eliza berreraiki egin zen 1489-1574 urteetan, sute batek hondatu baitzuen (1489?). Eliza berriaren diseinua eta eraikuntza Miguel de Santa Celay eta Juan de Urrutia arkitektoen esku utzi zen, 1507. urtean.

Haren estiloa gotiko berantiarra da. Osagai hauek ditu: hiru nabeko oinplanoa —erdikoa altuagoa da—; gurutzadura alboetako nabeekin lerrokatua dago; gurutzeria-gangak ditu, barrualdetik zutabetxo itsatsiak dituzten nukleo zirkularreko zutabe batzuek eusten dietela, eta kanpoaldetik, berriz, kontrahorma eta ostiko-arku sendoek. Jatorrizko plana ez zen erabat garatu, eta horren froga da amaitu gabe dagoen iparraldeko horma. Zati hauek aurrerago eraiki ziren: ate barrokoa (Domingo Zaldua, 1619), sakristia (Juan de Umbarambe, 1666) eta koruko eskailera (1784).

Aipagarria da San Bizente elizaren erretaula nagusia (1586), Ambrosio de Bengoetxeak eta Juanes de Iriartek egina. Harrizko oinarri bat du, eta haren gainean Pasioaren eszenak irudikatzen dituzten bost paneleko banku bat altxatzen da. Bankuaren gainean, erretaula bertikalean egina dago, eta zazpi zati ditu (lau kale eta bi kale-arte). Erdialdekoan, irudi hauek ikus daitezke: Salbatore, San Bizente, San Sebastian eta Jasone. Horizontalki, hiru gorputzek eta teilatupeak eratzen dute, eta errematean kalbario bat.

Presbiterioaren ezkerraldean, sagrarioaren erretaula dago, beste erretaula batzuetatik ekarritako piezak jasotzen dituena. Eta eskuinaldean, erretaula neoklasiko bat, Familia Santuaren medailoi nabarmen bat duena. Aipatzeko modukoa da Arimen erretaula izenekoa ere, Felipe de Arizmendik egina, baita Aste Santuko pauso batzuk ere: Ecce Homo, Doloretakoa (Bataiategian), Gurutzetik eraistea eta Kristo Etzana.

Dorreak (Etxebeste, 1856) eta organoa (Cavaillé-Coll, 1868, 1893. urtean handitua) XIX. mendekoak dira. 1892. urtean, bataiategi erdioktogonala erantsi zitzaion ekialdeko fatxadari, eta ataria eta hegoaldeko atea itxi eta ate berriak eraiki ziren itxitura horietan. 1923an, lau arrosa-leiho zabaldu ziren fatxadetan, Mandasko dukearen legatuaren kontura.

Argazkia: JAS, 2005

Tokia: Donostiako Alde Zaharra

 


© Todos los derechos reservados. © Eskubide guztiak gorderik.

Condiciones de uso de las fotografías. Argazkiak erabiltzeko baldintzak