Argazki@

Home  

Index

Euskaraz  

Español

Baserriak   

Caserios

Kostaldea  

Costa

Landaretza   

Vegetación

Arkitektura   

Arquitectura

Eskultura   

Escultura

Iturraran   

Iturraran

Ibaiak   

Ríos

Miramon   

Miramon

Donosti zaharra   

Viejo Donostia

Irun zaharra   

Viejo Irun

Tolosa zaharra   

Viejo Tolosa

Oarsoaldea   

Viejo Oarsoaldea

 
GureGipuzkoa.net | Pulse aquí para ampliar la imagen. © CC BY-SA: KUTXA FOTOTEKA. FONDO FOTO CAR. RICARDO MARTIN

 

Donostiako Real Sociedad Atotxako zelaian (1931) Mugikaren tribuna

Argazkian ikus daitekeen moduan, Atotxako zelaiak zaleentzako oso erosotasun gutxi zituen. Atearen atzean (Mugikaren instalazioak dauden tokian) horma bati atxikitako estalpe txiki bat ikus daiteke, zaleak eguraldi txarretik babesteko.

Real Sociedadek eta Athletic Bilbaok 1931ko otsailaren 15ean jokatutako partidua da. Errealak 1-0 irabazi zuen partidua, eta honako hamaikako hau atera zen zelaira: Ilundain, Izaguirre, C. Bienzobas, Arana, Garmendia, Ayestaran, Amadeo, Marculeta, P. Bienzobas, Mariscal eta Cholin. Custodio Bienzobasek sartu zuen gola lehen zatiko 30. minutuan.
Partidura 10.000 zale bertaratu ziren, eta leihatiletan 44.000 pezeta bildu ziren, oso diru kopuru handia garai hartan.


Nabarmendu behar da partidua jokatu eta bi hilabete beranduago Errepublika aldarrikatu zela, eta taldeak Donostia Futbol Club izena hartu zuen, REAL Sociedad izena lekuz kanpo baitzegoen.

 

 
GureGipuzkoa.net | Pulse aquí para ampliar la imagen © CC BY-SA: KUTXA FOTOTEKA. FONDO FOTO CAR. RICARDO MARTIN

Fruta azokaren tribuna (1931)

Argazkia partidu berekoa da, baina Athletic Bilbao azaltzen da, aurkako atean kokatuta. Atzean, “Mugikaren” atearen antzeko estalpe bat zegoen. Horren atzean iragarkiak ikus daitezke, eta, atzerago, Udal frontoiaren paretetako bat (sabaia zuen frontoia). Bilboko taldeak honako hamaikakoa zelairatu zuen: Izpizua, Castellanos, Urquizu, Pichi, Muguerza, Roberto, Lafuente, Iraragorri, Bata, Chirri eta Gorostiza.

Errealak ez zuen garbi jokatu hasierako minutuetan, baina ez zen jokaldi arriskutsurik egon. Zaleei dagokienez, tokiko prentsan honela deskribatu zituzten: “... kartsua baina zuzena. Bi taldeak animatu zituen, eta ez zen istilu garrantzitsurik egon, aintzat hartzen badugu partiduak garrantzi handia izan zuela eta bi taldeetako zaletu ugari bildu zela..."

Villalta izan zen arbitroa, eta, tokiko prentsaren arabera, "... ikusmen ona izan zuen, baina oso irizpide txarrak. Jokoa hainbatetan eten zuen, lagundu beharrean kalte eginez. Orokorrean, ordea, arbitraje ona egin zuen..."(El Día, 1931ko otsailaren 17a).
 

 

 
GureGipuzkoa.net | Pulse aquí para ampliar la imagen© CC BY-SA: KUTXA FOTOTEKA. FONDO FOTO CAR. RICARDO MARTIN

Mandasko Dukearen tribuna (1931)

Partidu bereko hirugarren argazki honetan, Atotxako futbol zelaiko harmailarik handiena ikus daiteke. Zutik egon behar zen bertan, eta Mandasko Dukearen Pasealekuarekin paraleloan zegoen. Atotxako aire libreko pilotaleku zaharraren gainean eraiki zen. Geroago, tribuna hori handitu eta estali egin zuten. Atzean, Mandasko Dukearen Pasealekuko jauregietako bat ikus daiteke (gaur egun jauregitxoen arrastorik ere ez da geratzen).

Izpizua atezain bilbotarra Cholín donostiarrak jaurtikitako baloia jasotzen ikus dezakegu, Castellanos atzelari bilbotarra Realaren erdilaria gelditzen saiatzen den bitartean.
 

 

 
GureGipuzkoa.net | Pulse aquí para ampliar la imagen. © CC BY-SA: KUTXA FOTOTEKA. FONDO FOTO CAR. RICARDO MARTIN

Hockey partidua, 1916. Mandasko Dukearen tribuna

Argazkia 1916. urtekoa da, aurreko argazkiak baino hamabost urte lehenagokoa hain zuzen ere. Irudi honen bidez, ikus dezakegu Atotxako tribuna nagusia eraiki aurretik, Atotxako aire libreko frontoiaren ezkerreko eta erreboteko paretak zeudela bertan. Halaber, ikus dezakegu zelaia belar hockeyan jolasteko erabiltzen zela. Jauregitxoa erreferentzia ona da bi irudietan, aurreko argazkiko berbera baita.
 

 

 
GureGipuzkoa.net | Puse aquí para ampliar la imagen. © CC BY-SA: KUTXA FOTOTEKA. FONDO FOTO CAR. RICARDO MARTIN

Real Union taldearen partidua, 1924. Geltokiko tribuna.

Irudian, Geltokiko tribuna ikus daiteke (horrela deitzen zitzaion atzean tren geltokia zegoelako). Garai hartan (1924), bi solairuko atal nagusi bat eta estali gabeko harmailak zituen albo bietan, eta egitura egurrezkoa zen. Atotxako zelaia izan arren, ez da Real Sociedad jokatzen ari dena, Real Unión baizik. Real Madrilen aurka jokatu zuen Espainiako Txapelketaren finalean, eta gipuzkoako taldea izan zen garaile (0-1). Espainiako Txapelketa gaur egungo Errege Koparen parekoa zen Errepublika garaian. Hona hemen Real Unionen hamaikakoa: Emery, Anatol, Bergés, Gamborena, Petit, Eguiazabal, Echeveste, Vázquez, Errazquin, Matías eta Azurza. Final hartan, beltzez jantzita irten ziren.
 

 

 
GureGipuzkoa.net | Pulse aquí para ampliar la imagen. © CC BY-SA: KUTXA FOTOTEKA. FONDO MARIN. PASCUAL MARIN

Anoetako Euskal Jaialdia, 1935. Geltokiko tribuna.

Hurrengo urteetan, aire libreko harmailak egurrezko egitura batekin estali ziren, eta tribuna hiru sektoretan banatuta geratu zen: alboko atalak, solairu bakarrekoak, eta atal nagusia, bi solairukoa. Futbolaz eta hockeyaz gain, beste kirol batzuk izan dira Atotxan, hala nola, 1935eko euskal jaialdian leku hartutako aizkolari desafioa.

Argazkian, aizkolari txapelketaren finala ikus dezakegu, eta Arriya azpeitiarra eta Aguiñeta azkoitiarra izan ziren aurrez aurre. Norgehiagoka latza izan zen, Gipuzkoako bi herri horien arteko lehia nabarmena izan baita beti. Azkenean, Arriya azpeitiarrak irabazi zuen, prestatutako zortzi enborrak moztu eta gero. Paulino Uzkudun boxeolari famatua izan zen arbitroa (pisu astunen Europako txapelduna 1933an). Izan ere, aizkolaria izana zen (zutik dago, atzeraka, traje argia jantzita).

Ekitaldia irailaren 28an izan zen, IX Euskal Astearen barruan, eta hainbat erakustaldi egin ziren: Baltasar Esnaola palankaria, harri jasotzaileak (Mocoroa), Baztango Mutil dantza, Souletino dantzak, ezpata dantza bizkaitarra, eta bikotekako dantza soltearen txapelketa.

 

 
GureGipuzkoa.net | Pulse aquí para ampliar la imagen© CC BY-SA: KUTXA FOTOTEKA. FONDO MARIN. PACO MARI

Real Sociedad taldearen partidua, 1952 (Geltokiko tribuna)

Amaitzeko, 1952. urteko argazkian geltokiko harmailen amaierako egoera ikus daiteke. Egurrezko egitura lurrera bota zuten eta hormigoi armatuzko egitura altxatu. Egitura berria honela osatzen zen: hiru solairu eta bi alde zituen tribuna nagusia, estalitako harmailekin. Garai hartan eraikitzeke zeuden Mugikaren behin betiko tribunak (oraindik ere fabrika ikus daiteke, Atotxako dorrea eta tribuna zaharra eraiki baino lehen) eta Fruta Azokaren harmaila, zelaiaren bestaldean.
 

 


© Todos los derechos reservados. © Eskubide guztiak gorderik.

Condiciones de uso de las fotografías. Argazkiak erabiltzeko baldintzak