Argazki@

Home  

Index

Euskaraz  

Español

Baserriak   

Caserios

Kostaldea  

Costa

Landaretza   

Vegetación

Arkitektura   

Arquitectura

Eskultura   

Escultura

Iturraran   

Iturraran

Ibaiak   

Ríos

Miramon   

Miramon

Donosti zaharra   

Viejo Donostia

Irun zaharra   

Viejo Irun

Tolosa zaharra   

Viejo Tolosa

 
GureGipuzkoa.net | Pulse aguí para ampliar la imagen. © CC BY-SA: KUTXA FOTOTEKA. FONDO MARIN. PASCUAL MARIN

Jai Alai frontoia

Pilotaleku luzea eta irekia izan zen, eta Pedro Eceiza arkitektoak diseinatu zuen (1887-1932). Pilotaleku hark eserlekuentzako bost harmaila zituen, palkoetarako solairu bat eta harmailetarako beste bat. Azkeneko bi solairuek burdinurtuzko zutabeetan eusten ziren, eta jokalekura ematen zuen aldean itxita zeuden, palkoen artean uhinak egiten zituen baranda baten bidez. Erreboteko zonan (frontisaren kontrako aldea) eraikinak kurba egiten zuen (kurbaren hasiera ikus daiteke goiko argazkian). Sarrera nagusia frontisaren eskuinaldean zegoen, eta ate erraldoi batez osatuta zegoen. Markoa puntu erdiko arkuan amaitzen ziren bi pilastra ziren, eta atearen gainean, bi baotan moztutako pilotalekua. Eraikin osoa harlanduzkoa zen. Arku gainean frontoiaren izena agertzen zen.

2.300 ikusleentzako edukiera zuen, eta gaur egun San Ignacio eskola (Jesusen konpainia) dagoen lursailetik gertu zegoen kokatuta, Ategorrietan. Tokiko prentsan (Diario de San Sebastián , 1887-7-4) honela deskribatzen dute:

"Pilotalekuaren fatxada, hau da, jokatzeko horma nagusia harlanduzkoa da, Igeldoko harrobietatik ekarritakoa. 11 metro eta erdi neurtzen ditu, 16 metroko zabalera du, eta 2 metroko alanbre sarea. Ezkerreko hormak 60,45 metro ditu.

 Horietatik 46,80 metro harlanduzkoak dira, eta gainontzeko 13,65 metroak kare hidraulikoz estalitako harri-horma dira.


Pilotalekuaren altuera bera du, eta 2 metroko alanbre sarea du. Bi paretak barkillo kolorekoak dira, eta alboetan zenbakiak dituzten koadroak daude, lerro beltzekin markatuta eta hondo zuriarekin azkenduta.


Jokorako hormaren luzera 61 metrokoa da, hau da, 15 karratu eta erdi eta 11 metroko zabalera. Zoruan lauzak jarrita daude, 12 koadroko hedaduran.


Eserlekuak palkoen azpian dauden lau errenkada mailakatu dira, horietako 32 goiko solairuan daude, eta lehentasunezko galeria bigarren solairuan dago. Gainera, kurba amaieran bi harmaila daude, egurrezkoa bata eta zementuzkoa bestea.


Halaber, ezohiko kasuetan, jokalekuaren eta lehen eserleku ilararen artean aulki ugari jar daitezke, eta baita palkoen pasabidean ere, oso zabala baita. Atzo, hain zuzen ere, hala egin zen…”.
 

 

 
GureGipuzkoa.net | Pulse aquí para ampliar la imagen. © CC BY-SA: KUTXA FOTOTEKA. FONDO FOTO CAR. RICARDO MARTIN

Atotxako pilotalekua

José de Goikoa arkitektoak egin zuen proiektua 1876an, eta 1877ko maiatzean inauguratu zen. Hasiera batean, horma bakarra zuen (frontisa) eta bi aldetan harmailak zeuden. Argazkian oso aldatuta dago, eta frontisaren atzean Udal Pilotalekua ikus dezakegu, Atotxako lehenengo pilotalekuan gainean eraikitakoa. Horrela, Atotxako pilotaleku zaharra lekuz aldatu zen, eta, garaiko modari jarraituz, ezkerreko horma erantsi zitzaion, Atotxako futbol-zelaiarekin banatzen zuena. Futbol-zelaiaren harmailak zabaldu behar izan zirenean, pilotalekuari azaleraren % 60 kendu zioten, eta pilotaleku motz bilakatu zen. Horrela jarraitu zuen futbol-zelaiarekin batera desagertu zen arte.

 

 
GureGipuzkoa.net | Pulse aquí para ampliar la imagen© CC BY-SA: KUTXA FOTOTEKA. FONDO FOTO CAR. RICARDO MARTIN

"Maitea" pilotalekua (1933)

Hogeita hamargarren hamarkadan, "Maitea" erreboteko pilotalekua zegoen, aire zabalerakoa baita ere. Frontisaren atzean ikus daitekeen hesia Atotxako estadioarena da, eta, urrunean (zelaiaren atzean), Mugikaren trenbide-materialen fabrika ikus daiteke. Argazkian, 1933ko Aberri Eguneko mitina ageri da (informazio gehiago manifestazioetan).

 


GureGipuzkoa.net | Pulse aquí para ampliar la imagen. © CC BY-SA: KUTXA FOTOTEKA. FONDO FOTO CAR. RICARDO MARTIN

Atotxako udal pilotalekua

Mandasko Dukearen pasealekuaren eta trenbidearen artean zegoen, Ramón Cortázar arkitektoak diseinatu zuen eta 1914ko maiatzaren 16an inauguratu zen. Enpresa errentari batek eraiki zuen, 20 urteko ustiapenaren truke, eta, horren ostean, Udalaren eskuetara pasa zen. Jokalekua lauzatuta zegoen eta jokalekuaren kontrako aldea oholeztatuta. Jokorako hormak berde ilunez margotutako harrizkoak ziren, eta gainerako egitura hormigoizkoa zen. Estalkia laua zen eta argizuloa zuen. Harmailetan sei errenkada zituen, palkoen solairua eta galeria. Guztira, 1200 pertsonentzako edukiera zuen. Frontoi gisa erabiltzeari utzi ziotenean, Artilleriarako kuartela egon zen bertan, eta, gero, fruten handizkako merkatua, 1998. urtean Atotxa futbol-zelaiarekin batera desagertu zen arte.

 

 
GureGipuzkoa.net | Pulse aquí para ampliar la imagen.© CC BY-SA: KUTXA FOTOTEKA. FONDO MARIN. PASCUAL MARIN

Zubieta pilotalekua (Donostia, 1931. urtean)


Pilotaleku irekia da, eta frontisa eta erreboteko horma ditu. Harmailak ditu albo bietan, eta perspektiba ixten duten bi zuhaitz errenkada.

 

 
GureGipuzkoa.net | Pulsse aquí para ampliar la imagen,© CC BY-SA: KUTXA FOTOTEKA. FONDO MARIN. PASCUAL MARIN

Groseko pilotalekua

1938. urtean eraiki zen Kale Nagusian, Kolon Pasealekuarekiko elkargunean. Kirol jarduera bertan behera utzi zuen 1961. urtean, eta eraitsi egin zuten. 484 pertsonentzako harmailak zituen jokalekuaren maila berean, eta baita bi solairu ere, 1090 eserlekurekin. 31 metroko zabalera zuen pilotaleku motza zen, eta Kale Nagusitik gertu zegoen.

 

 
GureGipuzkoa.net | Pulse aquí para ampliar la imagen. © CC BY-SA: KUTXA FOTOTEKA. FONDO FOTO CAR. RICARDO MARTIN

Jai-Alai pilotaleku modernoa

"Pilotaleku modernoa" izenez ezaguna zen, eta Mendizábal, Tremiño y Cia. sozietateak eraiki zuen.
Mandasko Dukearen pasealekuarekiko atzera emana zegoen. Ramón Cortázar arkitektoak diseinatu zuen, eta 1905. urtean inauguratu zen. Behe harmailak zituen, eta bi solairu, egitura metaliko baten gainean. Sabaian argizulo handia zegoen, lekua argitzeko. 1933. urtean su hartu zuen, eta 1941. urtean betirako itxi zen. Haren egitura automobil kontzesionario bat ezartzeko erabili zen.

 

Fronton Urumea (San Sebastian) Urumea frontoia (Donostia)

Urumea frontoia

 
GureGipuzkoa.net | Pulse aquí para ampliar la imagen. © CC BY-SA: KUTXA FOTOTEKA. FONDO MARIN. PASCUAL MARIN

Mitina Urumea frontoian(1935)


Eladio Laredo arkitektoak diseinatu zuen, eta funtzionamenduan egon zen 1926 eta 1968 artean. Gero, itxi egin zen, Rafael Moneo arkitektoak diseinatutako etxebizitza blokea eraikitzeko. Eraikin nabarmena izan zen, eta fatxada nagusia Urumea ibai gainean zuen. Hotel baten barruan eraikitako pilotalekua zen, eta, horregatik, fatxadak landuak ziren eta oso ondo egokitzen zitzaizkion Groseko auzoari eta Donostiako hegoaldeko zabalgunearen ibai-ertzetako eraikinei. Pilotalekuak harmaila handia zuen jokalekuaren mailan, eta beste hiru solairu gehiago.

1935eko urriaren 20an (igandea), Urumea pilotalekuan Eskuin Autonomoen Espainiako Konfederazioak (CEDA gaztelaniazko siglengatik) mitina ospatu zuen. CEDA eskuineko partiduen 1933an sortutako aliantza bat zen. Pilotalekua bete zuten, ideologikoki bat zetorren publikoarekin –mitin guztietan gertatu ohi den bezala-. Ezkerreko horman oholtza muntatu zuten, hainbat landareekin apainduta.

Horma horretan, gortina handi bat zegoen, eta, bertan, gurutze handi bat eta Espainiako mapa ikus zitezkeen. Hizlari nagusia José María Gil-Robles izan zen, CEDAren fundatzaileetako bat, eta garai hartan indarrean zegoen Konstituzioa Espainiako ohitura eta herriaren funtsa aintzat hartu gabe egin izana zuen hitzaldiaren gai nagusi.
 

 

Fronton Beti-Jai en San Sebastián (La Ilustración Española y Americana)

Irudia: La Ilustración Española y Americana (22 septiembre 1893)

Beti-Jai pilotalekua

Beti-Jai pilotalekua José Aranak sustatu zuen, eta José Goicoa arkitektoak diseinatu, 1892. urtean. Gaur egun, Principe zinemek (garai bateko Principe antzokia) hartzen duten etxadian zegoen. Antzoki-zirku izateko berreraiki zen, baina sute handia jasan zuen, eta barnea osorik suntsitu zen. Pilotaleku irekia zen, eta harmailak jokalekuaren mailan eta beste hiru solairu zituen.

 

Situación de los frontones del barrio de Gros sobre una fotografía aérea del año 1954 (Diputación Foral de Gipuzkoa). Existían en este momentos los edificios (aunque no todos tuvieran ya la función de frontón): Municipal, Atotxa (parcial), Moderno, Urumea y Gros

Hemen, Donostiako Gros auzoaren aireko ikuspegia dugu, 1954. urtean hartutakoa (Gipuzkoako Foru Alundia), eta, bertan frontoien banaketa, ikusi daiteke. Garai hartan, frontoiak edo frontoien kokaleku izan ziren eraikinak oraindik bazirauten (nahiz eta denek ez zuten pilotaleku gisa funtzionatzen): Udal pilotalekua, Atotxa (partzialki), Modernoa, Urumea eta Gros

 


© Todos los derechos reservados. © Eskubide guztiak gorderik.

Condiciones de uso de las fotografías. Argazkiak erabiltzeko baldintzak