Posta-txartel izeneko dokumentua legezko ahalmena duen Estatuko
Administrazioaren erakunderen batek ekoiztu eta erakundeak berak zein
partikular baimenduek jartzen dute zirkulazioan. Fankeo-zeinu bat izaten
du, baita hartzailearen helbidea eta mezu bat idazteko espazioak ere.
Fankeo-zeinua (oro har, seilu inprimatua) ezin da txarteletik bereizi.
Hau da, ez du balio seilua ebaki eta gutun bat, edo pakete bat, edo beste
txartel bat frankeatzeko. Posta-txartel mota asko dago: txartelak,
kartazalak, aerogramak, prentsarako xingolak, eta abar. Batzuk erabilera
orokorrari dagozkio; beste batzuk, berriz, ekimen pribatuari.
Posta-txartela neurri arauzkoak dituen kartoi mehea da, frankeo-zeinu
bat dauka inprimaturik, seilu forma duena oro har. Lehen posta-txartela
1873. urtean egin zen, Espainiako I. Errepublikaren garaian.
Gipuzkoarekin erlazionaturiko lehen posta-txartela Tolosako Fábrica del
Timbre e Imprenta Nacional lantegian egin zen. Lantegi hartan, seilu gutxi
inprimatu baziren ere, posta-txartelak egin ziren Cervantesen irudiarekin
(inprimatzailearen daturik gabe), Gipuzkoako Gregorio Hombrados Oñativia
pintoreak diseinatua.
1938an, 15 zentimokoak inprimatu ziren, eta barruko postarako erabili
ziren (goi-ezkerraldeko irudia). Urte hartan bertan, azaroan, egokitu
behar izan zituzten, 20 zentimora igo baitzen mota horretako postari
zegokion tarifa. (Erdi-ezkerraldeko irudia.)
1938. urtean, 20 zentimoko beste posta-txartel bat inprimatu zen
Tolosan (behe-ezkerraldeko irudia), 15 zentimokoa ordezkatzeko. Seilu
berriak diseinu bera badu ere, gaztaina-kolorekoa da eta inprimatzailearen
datuak azaltzen ditu: Fca. del Timbre e Imprenta Nacional.
Hurrengo urtean (1939), posta-txartel berri bat egin zen kanpoko
postarako, frantsesezko hitz hauekin: Carte Postale. Union Postale
Universelle (eskuinaldeko irudia). Seilu honek 45 zentimo balio zuen,
karmin-arrosa kolorekoa zen eta inprimatzailearen berri ematen du.
Tolosan beste posta-txartel batzuen probak ere egin ziren, zirkulazioan
jarri ez baziren ere.
1940. urtean, Madrileko Fábrica Nacional de Moneda y Timbre erakundeak
inprimategietan zeuden seilu guztiak jasotzeari ekin zion. Erabaki horrek
eragina izan zuen Tolosako lantegian ere. Han bildutako materialaren
artean Cervantesen seilua aurkitu zen (inprimatzailearen daturik gabe), 20
zentimoko txartel berria inprimatzeko erabili zen.
|