LURRALDE ALDIZKARIAREN ARGITARATZE ARAUAK

 

Andres Urdaneta Euskal Geografi Elkargoak (INGEBA) urtero Lurralde: ikerketa eta espazioa aldizkari zientifikoa argitaratzen du. Bertan, geografi zientziaren edozein alderdirekin zerikusia duten argitaratu gabeko artikuluak jasotzen ditu (ingurumen-gaietako espazio-alderdiak barne). Euskal Herria eta haren ingurunea ditu lehentasunezko esparrutzat, baina ez dira bakarrak.

Aldizkariaren zati nagusia ikerketa hutseko artikuluek eta ikerketa aplikatukoek beteko dute, baina zientziaren egoerari buruzko azterketak eta berrikuspen bibliografiakoak ere onartuko dira.

Aldizkariko Zuzendaritza Batzordeak erabakitzen du hasiera batean zein artikulu onartu argitaratzeko bidalitako originalen artetik. Ondoren, argitalpen zientifikoetarako eskuarki onartutako prozeduren arabera, ebaluazio sistema anonimoa gainditu behar dute. Horren ondorioa izango da artikulua behin betiko onartzea argitara dadin, hala nola behin betiko baztertzea edo erreparoekin onartzea. Azken horren ondorioz, artikulua argitaratzeko ezinbestekoa izango da testu-orraztaileen ustez hartan aldatu behar diren alderdi guztiak aldatzea.

INGEBAk, testu-orraztaileek eta Lurralde-ko zuzendaritza, erredakzio eta aholkularitza batzordeetako kideek ez dute beren gain hartzen artikuluen egileek aldizkarian emandako iritzien erantzukizuna, eta artikuluen sinatzaileei dagozkie haien edukietatik ondoriozta daitezkeen erantzukizunak.

Lurralde-n argitaratutako artikuluen egileek berariaz uzten dizkiote Euskal Geografi Elkargoari aldizkarian bildutako artikuluen ustiapen eta kopia eskubideak. Hala ere, uzte hori ez da esklusiboa, artikulua osatzen duten material guztiak edo haietako batzuk beste jarduera batzuetan erabili ahal izango dituztelako.

Andres Urdaneta Euskal Geografi Elkargoak beretzat hartzen du Lurralde-n argitaratutako materialen bertsio elektronikoa egiteko eskubidea (CD edo DVD euskarriak eta/edo Internet edo etorkizunean sor daitezkeen beste bide batzuen bidez zabaltzea), eta betiere argi adieraziko du nor den egilea. Kasu batzuetan, bertsio elektronikoa sinplifikatu ahal izango da (eranskinak kentzea, hala nola oin-oharrak, material grafikoa…). Baliteke bertsio elektronikoa zenbaitetan epe mugatu batean soilik eskuratu ahal izatea Sarean.

Nahi duten guztiek argitaratu ahal izango dute aldizkarian, baina betiere ulertuko da argitaratzeak esan nahi duela argi eta garbi onartzen dituztela lehen deskribatutako funtzionamendu irizpideak, eta aurkezten diren originalak ondoren aipatzen diren argitaratze arauetara egokitzeko konpromisoa hartzen dutela. Batzuk  zein besteak ez betetzea aski arrazoi izan daiteke aurkeztutako lana ez argitaratzeko.

1 Artikuluak Elkargoaren egoitzara bidali beharko dira, eta asko erabiltzen den testu prozesatzaile batean idatziko dira (hobe Word erabiltzea); nahitaezkoa izango da pendrive, CD-Rom edo DVD batean aurkeztea. Paperean inprimatutako artikuluaren bi kopia ere bidaliko dira (DIN A4 formatua). Fitxategi bidaltzeko dezakezu posta elektronikoaren bidez

2 Artikuluak honako hauekin hasiko dira:

* Lanaren titulua; hobe laburra bada (zortzi-hamar hitz inguru). Beharrezkoa bada, azpititulu batekin osatuko da.

* Egilearen edo egileen izen-abizenak.

* Posta helbidea; hobe egileak lanean diharduen ikerketa zentroarena. Egile bat baino gehiago izanez gero, posta helbideen arabera bildu beharko dira ahal denean (lantokia, saila, kalea, zenbakia, posta kodea, herria, posta elektronikoa).

3 Gainera, 400 karaktere inguruko hiru laburpen gehituko dira (8-10 lerro). Bakoitza gaztelaniaz, ingelesez edo euskaraz (frantsesez Euskal Herritik bidaltzen ez diren artikuluen kasuan) idatzita egongo da. Aurretik artikuluaren izenburua izango dute kasuan kasuko hizkuntzan idatzita, eta ondoren gehienez ere hamar gako-hitz, artikuluan duten garrantziaren arabera antolatuta. Azkenerako utziko dira identifikatzaile geografikoak, zeinek, behar denean, estatuari, eskualdeari, probintziari, udalari, toponimoei eta abarri buruzko erreferentzia egin beharko baitute.

4 Ilustrazioak eta grafikoak eskaneatzeko moduan aurkeztuko dira, eta haietan eskuz idaztea saihestuko da. Ahal bada, euskarri elektronikoan bidaliko dira (hobe TIF artxiboak, CD-Rom edo disketean grabatuta) 300 DPIko bereizmenarekin. Egileek, haiek egitean, gogoan izan beharko dute azken erreprodukzioa zuri-beltzean egingo dela. Ilustrazioak jasoko dituzten testuek aldizkarian hartuko dituzten neurrietara egokitu beharko dute letraren tamaina, aldizkarian erreproduzitzean irakurgarria izan dadin. Mapa guztiek eskala grafikoa izan beharko dute, eta zenbakizko eskala adieraztea baztertuko da.

Behar dituzten ilustrazioetan, onartu egingo da koloretako bertsioak egitea, eta aldizkariaren bertsio elektronikoan sartu ahal izateko baino ez dira izango.

Ilustrazioek zenbaki korrelatiboa izango dute sailkapen bakar batean, eta aurretik ‘ilustrazio’ hitza edo haren laburdura jarriko zaie.

Taulen sailkapenak ez du zerikusirik izango ilustrazioen sailkapenarekin, eta zeinek bere izenburua izan beharko du. Dagokien lekuan aurkeztuko dira, eta testu prozesatzaileetako taula aukerarekin (edo antzeko beste zerbaitekin) egin beharko dira. Aldizkaria egiteko prozesu teknikoak hala eskatuz gero, zuzenean eskaneatu ahal izango dira paperezko bertsiotik; horregatik, taulek zuzen erreproduzituta egon beharko dute horretan.

5 Lanen testua espainolez, euskaraz, frantsesez edo ingelesez idatzi ahal izango da, baina, salbuespen gisa, baliteke beste hizkuntza batzuetan argitaratzeko baimena ematea.

6 Artikuluetarako gomendatutako gehieneko luzera 80.000 karakterekoa da (40 orri gutxi gorabehera), edo horren parekoa ilustrazioen kasuan. Zuzendaritza batzordeak artikulu luzeagoak argitaratzeko baimena eman dezake.

7 Atalak UNE 50-132-94 (ISO 2145:1978) arauaren arabera zenbakituko dira (adibidez: 1 / 1.1 / 1.2 / 1.3 / 1.3.1 / 1.3.2).

8 Testu batean hitzak, esamoldeak eta abar azpimarratu nahi badira, oro har letra etzana erabiliko da, non eta egileak, salbuespen gisa, ez duen behar bezala arrazoitzen hobe dela beste aukera bat erabiltzea.

9 Ilustrazioak jartzeko lekua ***** W. zenbakiko ilustrazioa jarri adierazita zehaztuko da (bost izartxoak barne). Horren ondoren, parentesi artean,  irudia duen artxibo informatikoaren izena jarriko da, eta, hurrengo lerroan, irudiaren oina (izanez gero) eta bukaerako bost izartxo. Adibidea:

 

***** 3 zenbakiko ilustrazioa jarri (izena.tif).

Ilustrazioaren oina: 3 zenbakiko ilustrazioa. Ikertutako inguruaren airetiko argazki bertikala (1954 hegaldia).*****

 

Beti ez da posible izango ilustrazioak adierazitako leku zehatzean jartzea.

10 Eskerrak eman behar izanez gero, beti egingo da bibliografiaren aurretik.

11 Bibliografi atalak amaituko du lana, eta nagusiki aipatutako edo kontsultatutako lanez egongo da osatuta. Bibliografi idazpenek ISO 690 araua edo ISBD delakoa bete beharko dute.

12 Orrietako oin-oharren kopurua ahalik eta txikiena izango da, eta behar-beharrezkoak baino ez dira egingo. Oharrei zenbaki bakarra jarriko zaie.

13 Egileek astebeteko epean itzuliko dituzte bidali zaizkien inprentako probak, eta haietan ikusitako akatsak zuzendu besterik ez dute egingo; era berean, ez dute aldaketa garrantzitsurik egingo hasieran aurkeztutako testuan.

14 Ez dago aurreikusita artikuluak emanaldika argitaratzea. Hala ere, posible da artikulu sailak argitaratzea, titulu bakar batekin (baina azpititulu ezberdinekin), aldizkariaren hurrenez hurrengo zenbakietan gai orokor eta jakin baten zenbait alderdi azal ditzaten. Baina honako baldintza hau bete behar da:  artikulu bakoitzak autosufizientea izan behar du, independentea (ez du gainerakoen beharrik diskurtso osoa izateko, eta artikulu zientifiko batek izan behar dituen elementu guztiak barne hartzen ditu).

15 Gomendagarria da lekuan lekuko adierazpiderik ez erabiltzea (adibidez: “gure herria”, “gure probintzia”, “gure herriko geografia”), eta egokitzat jotzen da ikerketa eremua mapa baten edo batzuen bitartez kokatzea. Gogoan izan behar da aldizkari zientifikoak komunitate zientifikoarentzat direla, eta ez haren zati batentzat.

16. Kolaborazioak ez dira ordainduko.