Lurralde :inv. espac.

N. 31 (2008)

p. ***-***

ISSN 1697-3070

LURRALDE

 

EUSKAL HERRIKO BIZTANLERIAREN BILAKAERA 1900-2001 ETA BERE EGITURAN EMANDAKO ALDAKETARIK NABARMENENAK.

 

Recibido: 2007-11-10
Aceptado: ******

© Pello URKIDI ELORRIETA

© Iban ASENJO

Euskal Herriko Unibertsitatea/Gizarte Zientzien Didaktika.

Donostiako Irakasle Eskola.

Plz. Oñati z/g

20018 Donostia

pello.urkidi@ehu.es

Resumen: Evolución de la población de Euskal Herria 1900-2001 y principales cambios en su estructura.

Se presenta la evolución de la población de Euskal Herria, poniendo especial atención al desarrrollo del proceso de transición demográfica que ha sucedido en el siglo XX. Así mismo se analiza el cambio hacia una sociedad más envejecida, cuestión que queda claramente dibujada en la nueva estructura de la población del cambio de siglo, en el paso del siglo XX al XXI. Aunque se trata de realizar un análisis global de los siete territorios se profundiza más en el caso de la Comunidad Autónoma Vasca y de Navarra al disponerse de más información.

Palabras clave: Evolución de la población, Transición demográfica, Estructura de la población, Envejecimiento de la población, País Vasco.

 

Lapurpena: Euskal Herriko biztanleriaren bikalera 1900-2001 eta bere egituran emandako aldaketarik nabarmenenak.

Euskal Herrian XX mendean biztanleriak izan duen trantsizio prozesua aztertzen da. Aldi berean horren ondorioz suertatu den gizarte zaharkitua mendearen aldaketan, non oso garbi ikusten den biztanleriaren egituran, adin piramidetan nahiz talde nagusietan. Lurralde guztietako azterketa orokorra egin arren bai Euskadiko Autonomia Erkidegoa bai Nafarroako kasuak gehiago sakontzen dira, informazio zabalago eskura dagoelako.

Hitz gakoak: Biztanleriaren bilakaera, Trantsizio demografikoa, Biztanleriaren egitura, Adin talde nagusiak, Biztanleriaren zahartze prozesua, Euskal Herria.

 

Abstract:Summary:  Evolution of the population of the Basque Country 1900-2001 and main changes that have occurred in its structure.

The work shows the evolution of the Basque population, laying particular emphasis on the process of demographic transition that took place in the 20th century. It also analyses the change towards an ageing society. This change is clearly reflected on the new structure of the population at the turn of the 21st century. Although the work attempts to conduct a global analysis of the seven provinces, the cases of the Basque Autonomous Community and Navarre are studied in greater depth, as more information is available about such regions.

Keywords: Population evolution, Demographic transition, Population structure, Population ageing, the Basque Country.

 

0. OHARRAK.

XIX. Mende bukaeran zein XX. Mende osoan zehar, Euskal Herriko biztanleriak aldaketa kuantitatibo nahiz kualitatibo garrantzitsuak jasan ditu. Honela, Hego EH-ko biztanleriak, periodo honetan bere kopuru hirukoiztu egin du, 1877. urteko 925.371 biztanletik 2005. urteko 2.992.609 biztanlera igaroz. Gainera, mende honetan burutzen da aurrekoan hasitako trantsizio demografikoaren prozesua eta berarekin batera jaiotza nahiz heriotza tasen aldaketak. Era berean demografiaren bilakaeran oso garrantzitsuak izango diren migrazio mugimenduak ere nabarmenduko dira. Beste aldetik, espazio aldetik faktore hauek izan dituzten esanahi diferentea aztertuko da.

Eta honen ondorioz azken urteetan gertatu diren aldaketa batzuk azpimarratuko ditugu: biztanleriaren zahartze prozesua, landa eremutan ematen den sexuen arteko desoreka, emakumearen lan mundurako mailakako sarrera eta jarduera ekonomikoen aldaketak biztanleri aktiboan izan duen eragina.

Baina argi geratu behar da, Euskal Herriko biztanleriak izan duen eboluzioa, mendebaldeko herrietan gertatu den trantsizio demografikoaren prozesu orokorraren barne kokatzen dela. Prozesu hau Europako zenbait herritan XVIII. mendean hasi zen, Estatu eta Euskal Herrira beranduago ailegatuz. Herri hauekin konparatuz, azpimarratu daitezkeen ezberdintasun nagusienak erritmoak eta prozesuaren intentsitatea dira. Horregatik, sarrera gisa, prozesu honen ezaugarri garrantzitsuenak aztertuko ditugu.

Giza arloko zenbait alderdi modu bateratu batean aztertu ahal izateko zailtasun handiak daude, batez ere iparraldeko eta hegoaldeko lurraldeen artean: definizio eta kozeptu ezberdinak, serie estatistikak ezberdinak, bestelako baldintza sozioekonomikoak eta dinamikak, ea. Horregatik hemen aurkezten diren datuak eta taulak arretaz eta xehetasunekin aztertu behar dira. Halaz ere azken urteetan sortutako web atariak (betiko INE, EUSTAT, IEN, INSEE edo EUROSTAT) edo berriak (Datutalaia) erraztu egin dute azterketa bateratua egin ahal izatea, esandako xehetasunekin bada ere. Azterketa zazpi lurraldetarako egiten bada ere, batzuetan –informazio eta ikerketa gehiago dagoelako edo eskurago dagoelako- gehiago sakontzen da Euskadi Autonomia Erkidego eta Nafarroako prozesu eta dinamikak.

Orokorrean Aztiker bere azterketan erabili zuen irizpide metodologiak errespetatu izan dira. Ezberdintasun hauen artean azpimarratzekoak dira zentsuak egin diren urteak, oso serie ezberdina gertatzen baita Euskal Herriko kontinentalean eta Euskal Herriko penintsularrean. Lehengo kasuan , mende honetan, 1900, 1910, 1920, 1930, 1940, 1950, 1960, 1970, 1981, 1991 eta 2001 izan dira, eta orokorrean, tauletan erreferentzia moduan hauek erabili dira. Kontinentean berriz beste urte hauek izan dira zentsuak egiteko, serie irregularragoa sortuz: 1901, 1911, 1921, 1931, 1946, 1954, 1962, 1968, 1975, 1982, 1990 eta 1999. Eskualdeak ere aipatzen direnean Euskadi Erkidego Autonomoaren kasuan EUSTATek erabiltzen dituena erabili da, Nafarroa Garaian INEk egiten duen sailkapena, eta Euskal Herriko kontinentalean Euskaltzaindiak egiten duena.

1. SARRERA: TRANTSIZIO DEMOGRAFIKO PROZESUA.

1.1.- Mendebaldeko herrietako prozesu orokorra.

Europak –eta orokorrean mendebaldeko herriek- jarraitu duen erregimen demografiko prozesuari trantsizio demografiko prozesua deitzen zaio, non erregimen zahar batetik bestera erregimen berri batera pasatzen den trantsiziozko prozesu baten bitartez. Honen periodo bakoitzean berezko hazkundeak –eta bere bi oinarrizko tasak, heriotza eta jaiotze tasak-, aldaketak izaten dituzte. Demografi trantsizioaren prozesua edo teoriak, mendebaldeko herrietako biztanleriaren eboluzioan hiru etapa ezartzen ditu, eta ez dauka beste testuinguruko herrietan aplikatzerik. Izenak oreka demografiko mota batetik beste oreka berri batera pasatu garela azpimarratu nahi du.

Prozesuan, hiru etapa hauek eman dira:

1ª garaia: Oreka demografiko zaharra.

Etapa hau gizarte aurre industrialei dagokie, hau da, iraultza industriala sortu baino lehen. Berez, oraingoz, denbora historikoari begira, gehien luzatu den etapa daukagu. Oreka aipatzen da, jaiotze tasa nahiz heriotza tasa balore altuetan parekatzen direlako. Jende asko jaiotzen zen (%030-40) baina baita hil ere (%030-40). Horrela, nahiz eta jaio berri asko izan, biztanleri orokorrak apenas ez zuen hazkunderik izaten. Ume asko jaiotzen ziren (emakumezko bataz beste 5 ume izatea nahiko normala zen, eta baldintza txarrik gabe 10 seme-alabatako familiak ugariak ziren), baina baita hil ere, hots, umeen heriotza tasa oso altua zen. Lehenengo urtea baino lehen, jaiotakoen erdia hiltzen zela estimatzen da. Kontuan hartu behar da, garai hartan, umeak aberastasun bezala kontsideratzen zirela, nekazal jardueratan eta zaharrekin laguntza handia ematen zutelako.

Heriotza altu honen arrazoiak faktore ezberdinetan bilatu behar ditugu:Umeen heriotza tasa altua erditzerakoan arazoak sortzen zirelako, edo lehenengo urtean higiene falta edo elikaduraren eskasia edo urritasunagatik.

- Higiene eta ezjakintasuna areagotzen zuten gaixotasun infekzioso eta izurrite ezberdinen eragina -izurritea, tuberkulosia, sifilia, ziztaden sukarrak, gripe bera, e.a.-, talde ahulenetan (zaharrak, umeak, elikadura txarra zutenak, ea.).

- Gosea ere heriotza askoren arrazoia izaten zen. Gariaren uztak txarrak suertatuz gero, ogiaren prezioa - pobre gehienen oinarrizko elikagaia – asko igotzen zen eta goseteak sakabanatzen ziren.

- Beste aldetik, gerrateak ere, maiz gertatzen zirela, bere eragina zuten. Nahiko normala zen berez hiltzen zen jendeaz aparte, soro, etxe eta herrietan txikizioak egitea.

Honen ondorioz erraz uler daiteke bizitzaren itxaropena 35 urte inguruan kokatzea. Aldi berean, biztanleri orokorraren eboluzioa gorabehera asko zituen, grafikoaren perfila zerra moduko forma hartuz, etapa batean irabaziak izan ondoren izugarrizko galerak suertatuz hurrengoan.

2ª garaia: Demografi trantsizioa.

XVIII. mendearen erdialdean, Europako herri garatuenetan aldaketa bat ematen hasi zen. Jaiotze tasa altuak irauten zuen bitartean, heriotza tasa, berriz, progresiboko jaisten hasi zen. Horrela, biztanleri orokorraren hazkundea handia izan zen eta “boom” edo leherketa zuriari buruz hitz egiten zen. Aldaketa honen arrazoiak hauek dira:

- Prozesu honetan, nekazaritzan eman ziren aurrerapenak erabakigarria izan zen. Teknika aldetik goldeen diseinua hobetu ziren eta lurra sakonago hasi zen lantzen, laborantzako teknikak ere hobetu ziren, e.a. Beste alde batetik, espezie berriak sartu ziren, bereziki Ameriketatik ekarriak (patata, artoa, tomatea, lekaleak, e.a.). Orokorrean, biztanleriaren elikaduran hobekuntza nabarmena gertatu zen eta honen ondorioz ere, zenbait gaixotasunen aurrean, pertsonek indar gehiago zuten.

- Hasieran industrializazioak biztanleriaren bizi kalitatean eragina txarra izan arren (jendearen pilaketak, industriak herri eta hirigune ondoan jartzea, kutsadura, e.a.), gero zenbait baldintzak hobetu ziren, bereziki higiene aldetik: xaboia eta kotoizko arroparen erabilera zabaldu; ikatza etxeak berotzeko hedatu -hezetasuna kenduz eta gaixotasun infekziosoen kontra mesede handia egiten-; hondakin bilketa antolatu, hirigintzan planifikazio berriak, e.a.

- Gerrateak desagertu ez baziren ere, gutxitu egin ziren eta, gainera, benetako ejertzitoen artean egin ziren, biztanleri zibilak eragin txikiagoa jasoz.

 

Grafiko 1: Mendebadelko transizio demografikoa prozesua orokorra.

Grafiko 1: Mendebadelko transizio demografikoa prozesua orokorra.

Iturria: LASTERRA, J. (1988): Estudio de la población. Biblioteca de Recursos Didácticos Alhambra.

 

Paradoxikoa iruditu arren, izugarrizko hazkundeak biztanleriaren zenbait talderen egoerak txarrera egin zuen, hazkunde horrek presio handia egiten baitzuen lurraldean. Nolabait, garai hartan Europan zeuden baliabideak eta teknologiak aukera gehiago ematen ez zuten, eta bere boterepean zeuden koloniei esker, emigrazioari esker, konpondu zuten arazoa. Emigrazio honen ondorioak zenbait kasutan oso latzak izan ziren, baina hau beste gai bat da.

3ª garaia: Oreka Demografiko berria.

Pixkanaka-pixkanaka, eta garapen ekonomikoari esker Europa eta mendebaldeko herrietako biztanleriaren egoera, bizitza maila eta bizi kalitatea asko igo ziren, eta ongizate-estatuari esker ia biztanleri gehienengana zabaldu zen. Heriotza tasa aurreko etapan balore baxuetara jaitsi bazen, une honetan, umeen heriotza tasa, bereziki, oso balore txikietan kokatu zen. Gizarte berriak, gainera, behar ezberdinak zituen eta gero eta prestakuntza hobea eskatzen zion bere biztanleriari, umeen eskolatzea zabaltzen.

Aldaketa hau oso mantso burutu zen, herri bakoitzean hezkuntza, osasuna eta ongizate ekonomikoa zabaltzen ari ziren bitartean. Familian, orokorrean, umeen balioa aldatu zen, umeak ez baitziren familiaren diru sarrerak lortzeko edo nekazaritzako lanetan aritzeko behar. Eta gainera, umeen heriotza tasa askoz txikiagoa izanik, ez zuten lehenengo kopurua izan behar bi seme-alaba ziurtatzeko. Prozesu honek jaiotze kontrolera eramaten du, jaiotze tasak oso balore txikietan kokatuz. Hasieran heriotza tasarekin parekatuko ziren, eta gero, zenbait herrietan heriotza baino balore baxuagoetan geratzen, hazkunde naturala ere negatiboa suertatuz. Horregatik, berriro bi tasak parekatzen direlako – orain balore baxuetan -, etapa hau oreka demografiko berri moduan izendatzen dute.

 

1.2 Euskadi Autonomia Erkidegoko kasua.

Grafika 2: Transizio demografiko prozesua E.E.A. (HT eta JT).

Grafika 2: Transizio demografiko prozesua E.E.A. (HT eta JT)

Iturria: ARREGI, B. y LARRAÑAGA, Mª I. (2000) “Población” en Panoarma social de la C.A. de Euskadi 2000. EUSTAT-Gob. Vasco.

 

Bigarren grafiko honetan Euskadiko Autonomia Erkidegoan eman den transizio demografiko prozesua ikus daiteke. XIX. mendean bi tasak nahiko altuak ziren, bereziki heriotze tasa (HT) (ia-ia % 40). Bera altua irauten duen bitartean jaiotze tasa (J.T.) ere altua mantentzen da eta mendearen aldaketarekin batera, behin heriotzaren joera beheruntz egiten duen, orduan hasten da jaiotze tasa ere behera egiten. Beherako joera hori mantenduko du H.T-k eta bakarrik XX. mendearen bukaeran goititzen hasiko da poliki izan arren. Gure gizartean gertatzen ariden zahartze prozesu eta bizi itxaropenaren luzapenaren islada alegia. Etengabeko beherako prozesu honetan bi salbuespen nabarmen ikusten dira. Bata 1918-20 inguruan “Gripe española” delako gaisotasunak sortu zituena eta bestea 1936-40 urteetan, gerrate zibilak eta bere ondorioak sortu zituena.

Grafiko 3: Euskal Herriko eskualdeak (2005).

Grafiko 3: Euskal Herriko eskualdeak (2005)

Iturria: www.datutalaia.net

 

J.T. berriz beherako prozesua ere egiten du modu erregularrean 1900-1036 bitartean. Orduan –eta gerrate zibilaren ondorioz- prozesu hori areagotzen da nabarmenki, 1940tik aurrera berriro gora egiteko, holako gorabehera pasa ondoren normala den bezala, edozein lurraldetako biztanleriak gerrateko galerak berreskuratu nahi baititu. Baina mendeetako joera orokorra berriro jarraitu ordez –berreskuratu ondoren berriro behera egitea- gorako joera mantendu zuen jaiotze tasak. Kasu honetan bi izan ziren arrazoiak. Lehenengo egoera sozioekonomiko ona, non estuturik bizi izan zen populazioari aukerak zabaldu zitzaizkion, belaunaldi gazteei bereziki. Bestea da berezko jaiotze tasa honi inmigrazio gaztearen ekarpena gehitu zitzaiola 60 eta 70 hamarkadetan. Horrela, jaiotze tasa, 80ko hamarkadatik aurrera nabarmenki jeitsi zen mendeetako joerara bueltatuz. Orduan gertatzen da heriotze eta jaiotze taseen berriro parekatzearena, Euskadiko biztanleria oreka demografiko berrian sartuz.

Aurreko grafikoan (3. alegia) azterketan erreferentzi gisa hartzen den eskualde banaketa aurkezten da.

2. EUSKAL HERRIKO BIZTANLERIAREN EBOLUZIOA (1900-2006).

XX. mende osoaren zehar Euskal Herrian eman zen hazkunde tasa ez zen ez denboran ez espazioan berdina izan, beraz, muga zehatzak jartzerik ez dagoela ulertu behar dugu. Gauzak horrela, aldi sozio-ekonomiko eta demografiko ezberdinak lotuz, lau aldi bereiz genitzake batez ere Erkide Autonomo eta Nafarroako lurraldeak kontuaz hartuz, gainontzeko lurraldeetan, Frantziako Estatukoak alegia, dinamika ekonomika oso ezberdina eraman baitute.

- 1900-1950: industrializazioaren bizkorraldi orokorra baino lehenagokoa.

- 1950-1981: industrializazioa.

- 1981-2001: industria krisialdia eta zerbitzu sektorearen garapena.

- 2001-gaur arte: egonkortasun ekonomikoa.

Etapa bakoitzeko zenbakiak eman arren ondoren 1877-2001 biztanleri osoaren bilakaera ere ematen da, bai zenbaki absolutuetan bai %etan.

Taula 1: Biztanleriaren bilakaera, herrialdeka (z.a.) 1877- 2001

Urtea E. H. Araba Bizkaia Gipuzkoa Lapurdi N. Beher. N. Gar. Zuberoa
1.877 925.371 97.954 190.523 167.207 91.122 49.285 304.184 25.096
1.887 988.704 97.269 236.302 181.845 96.852 47.974 304.051 24.411
1.897 1.054.769 98.940 291.361 191.839 99.598 45.787 302.978 24.266
1.900 1.090.609 100.686 312.087 195.850 104.308 45.281 307.669 24.728
1.910 1.174.922 101.429 350.661 226.684 113.167 44.685 312.235 26.061
1.920 1.278.546 103.054 410.291 258.557 112.790 40.382 329.875 23.597
1.930 1.440.707 108.757 485.969 302.329 135.676 39.890 345.883 22.203
1.940 1.524.206 117.200 511.892 331.753 134.536 37.553 369.618 21.654
1.950 1.643.272 122.172 569.944 374.040 138.405 35.056 382.932 20.723
1.960 1.982.995 142.435 755.139 478.337 150.593 33.927 402.042 20.522
1.970 2.565.377 206.995 1.043.875 631.003 166.920 32.360 464.867 19.357
1.975 2.787.094 240.267 1.152.141 682.507 178.764 30.919 483.867 18.629
1.981 2.881.384 262.407 1.181.865 692.782 189.594 29.730 507.367 17.639
1.991 2.883.993 277.653 1.156.671 676.307 204.313 28.978 523.563 16.508
2.001 2.903.263 287.928 1.123.002 673.563 219.029 28.377 555.829 15.535

Iturria: www.datutalaia.net

Euskal Herriko demografia eboluzioa ez da prozesu homogeneo bat izan ez lurraldeen artean ez eta herrialde bakoitzaren barruan ere. Nahi eta ez, azterketa sakon eta on bat egiteko, herrialde bakoitzari ez ezik, ia-ia eskualde guztiei begira behar diegu. Landa eremuan eta hiriguneetan demografi prozesua zeharo ezberdina izan da eta kostaldekoak zer ikusirik ez du barnealdean gertatukoarekin.

Taula 2: Biztanleriaren hazkundea, herrialdeka. 1877-2001 epealdika (%)

Epeak  E. H.  Araba Bizkaia Gipuzkoa Lapurdi N. Behe.  N. Gara. Zuberoa
(1877-2001) 213,7 193,9 489,4 302,8 140,4 -42,4 82,7 -38,1
1877-1887 6,8 -0,7 24,0 8,8 6,3 -2,7 0,0 -2,7
1887-1900 10,3 3,5 32,1 7,7 7,7 -5,6 1,2 1,3
1900-1910 7,7 0,7 12,4 15,7 8,5 -1,3 1,5 5,4
1910-1920 8,8 1,6 17,0 14,1 -0,3 -9,6 5,6 -9,5
1920-1930 12,7 5,5 18,4 16,9 20,3 -1,2 4,9 -5,9
1930-1940 5,8 7,8 5,3 9,7 -0,8 -5,9 6,9 -2,5
1940-1950 7,8 4,2 11,3 12,7 2,9 -6,6 3,6 -4,3
1950-1960 20,7 16,6 32,5 27,9 8,8 -3,2 5,0 -1,0
1960-1970 29,4 45,3 38,2 31,9 10,8 -4,6 15,6 -5,7
1970-1981 12,3 26,8 13,2 9,8 13,6 -8,1 9,1 -8,9
1981-1991 0,1 5,8 -2,1 -2,4 7,8 -2,5 3,2 -6,4
1991-2001 0,7 3,7 -2,9 -0,4 7,2 -2,1 6,2 -5,9

Iturria: www.datutalaia.net

Iturria: www.datutalaia.net. Guk egina

 

Iturria: www.datutalaia.net. Guk egina

Hau esanda, oso presente eduki behar dugu edozein herrialdetako bilakaera demografikoa ulertzeko berezko hazkunde (naturala) zein migrazio saldoa kontuan hartu behar ditugula. Hazkunde naturala jaiotzak ken heriotzen ariketa aritmetikoaren emaitza da, migrazio saldoa etorkinak ken joandakoen emaitza da. Bilakaera orokorra ikusi ondoren faktore hauek aztertuko dira.

Nahiz tauletan nahiz grafikoetan ikus daitekeenez Bizkaia da hazkunde ikusgarriena izan duen herrialdea, non 1900ko biztanleria ia lau aldiz biderkatzen du 2001ean. Hau oso lotuta egon da dagoeneko XIX. mendetik izan duen garapen ekonomikoarekin. Hasieran industriarekin lotuta egon bazen ere gaur egun -eta birmoldaketa gogorra jasan ondoren-, zerbitzuarekin lotzen ari da. Bere ereduak Bilbo Handiko zonaldean kontzentrazio inportante bat sortu zuen.

Nabarmena da ere Gipuzkoako hazkundea -3 aldiz biderkatzen du bere biztanleria- baina eredu orekatu batekin, kostaldeko herrien hazkundea inportanteago izan arren lurraldeko bailara guztietan ematen baita. Araban ere biztanleriari gutxi falta zaio hirukoizteko eta hemen ere, Gasteiz inguruko biztanleriaren kontzentrazioa oso nabarmena da (% 75-80). Bere aldetik Lapurdi bikoiztu egiten du bere biztanleria, kostaldeko kontzentrazioa baieztatuz iparraldean ere bai. Nafarroa Garaia gutxigatik ez du bikoizten bere biztanleria, eta erdia baino pixka bat gehiago biltzen da Iruñerria inguruan.

Bi lurraldeek izan dituzte galerak, biek nekazaritzan oinarritzen dute bere ekonomia eta fluxu ekonomikoetatik bazterturik gelditu dira nonbait, Nafarroa Behera eta Zuberoa. Zenbaki absolutuetan galera txikiak izan arren, inportanteak dira tasak ikusita (% 34 eta % 36 inguruan hurrenez hurren).

2.1 1900-1950 aldia.

Mendearen lehenengo erdialdean Hego Euskal Herriak 533.907 biztanle irabaziko ditu, urteko %0,93 tasa izanik eta lurralde guztietan irabaziak egonik. Hau apala bada ere, Estatu espainiarraren biztanleria osoaren %0.82a baino handixeagoa zen. Hala ere, etapa hau gehien bereizten duena itsasaldeko eta barrualdeko herrialdeen artean hazkunde ezberdina da, migrazioaren jokabide ezberdinen ondorioz.

Lehenengoetan, Bizkaian eta Gipuzkoan, alegia, erroldak 257.857 eta 178.190 biztanletan, hurrenez hurren, gora egiten duen bitartean, Nafarroako eta Arabako igoerak 76.263 eta 21. 627 biztanlekoa baino ez dira izango. Aldi honen osoan zehar lau lurraldeetan hazkunde erritmoak ere ezberdinak izango dira. Itsasaldeko probintzietan goreneko tasak mendearen lehenengo hiru hamarkadatan (20koan bereziki) ematen dira, laugarrenean dezente motelduz, Gerra Zibilagatik jaiotzak eta migrazioak jaisten baitira. Araban ere 20ko hamarkada da hazkunderik bizkorrena jasango duena, hurrenagoko datuek gerra amaitzean biztanleko militarraren kopuru handiak jasotzen baitzituen. Nafarroan, berriz, hazkunderik handiena 30ko hamarkadan, bere migrazio negatiboaren gainbehera nabarmenarekin batera, gertatuko da.

Taula 3: Biztanleriaren bilakaera, herrialdeka (z.a.) 1900-1950

Urtea  E. H. Araba Bizkaia Gipuzkoa Lapurdi N. Beher. N. Gar. Zuberoa
1.877 925.371 97.954 190.523 167.207 91.122 49.285 304.184 25.096
1.887 988.704 97.269 236.302 181.845 96.852 47.974 304.051 24.411
1.897 1.054.769 98.940 291.361 191.839 99.598 45.787 302.978 24.266
1.900 1.090.609 100.686 312.087 195.850 104.308 45.281 307.669 24.728
1.910 1.174.922 101.429 350.661 226.684 113.167 44.685 312.235 26.061
1.920 1.278.546 103.054 410.291 258.557 112.790 40.382 329.875 23.597
1.930 1.440.707 108.757 485.969 302.329 135.676 39.890 345.883 22.203
1.940 1.524.206 117.200 511.892 331.753 134.536 37.553 369.618 21.654
1.950 1.643.272 122.172 569.944 374.040 138.405 35.056 382.932 20.723

Iturria: www.datutalaia.net.

Bizkaia eta Gipuzkoako hazkunde handiagoa bada, industrializazioaren ondorioz immigrazio eremu izateari zor zaio, aldameneko herrialdeetatik jendea erakarriz. Gainera, migrazio hazkunde honi hazkunde naturala edo begetatiboa gehitu behar zaio, etapa honetan migrazioarena baino inportanteagoa izanik. Lurralde osoan jaiotza nahiz heriotza tasa behera egiten dute, baino ez momentu berdinean eta erritmo berberekin. Itsasaldeko herrialdetan industri eta hiritar garapenak demografiaren modernizazio prozesua azkartu zuen eta heriotza tasa lehenago jaisten da barrualdekoekin alderatuz. Horrela migrazioari esker suertatzen den hazkundeari berezko hazkunde inportante bat ere gehitzen zaio, hazkunde erreala hobetu ulertuz. Lehenego hiru hamarkadak oso hazkunde handiak izan zituzten bi lurrakdeak (% 12,4 eta 18,4 tartean) baina hirugarren hamarkadan gerrate zibilaren ondorioa nabaritzen da, bereziki Bizkaian. Ondoren, etapa honen azken hamarkadan, biak hasten dira lehenengo martxa berruzkuratzen.

Araban eta Nafarroan berriz heriotza tasa oraindik altua izanik ematen den hazkunde naturala txikiagoa da. Gainera etapa guztian migrazio saldoak negatiboak izango dira (Araban laugarren hamarkadakoa kenduta, lehen esandakoagatik), biztanlerian galera inportanteak suertatuz. Hala ere, eta itsasaldeko herrialdekoa baino askoz txikiagoa bada ere –nekez gainditzen dute % 5-, hazkunde positiboa izango dute.

Herrialdeetatik eskualdetara jaitsiz azterketa gehiago zehazten da. Bizkaian hazkunderik inportanteena Bilbo Handian ematen da, industri jardueraren gehiengoa biltzen deneko eskualdea. Gainerako lurraldean hazkundea apalagoa da, bereziki ekonomia tradizionalari eusten dioten eskualdeetan (Lea Artibai, Arratia- Nerbioi eta Busturialdea). Gipuzkoa lau lurraldeen artean bitxiena da, hazkundea demografikoa, industria bilakaera bezala, eskualde eta bailara nagusi guztietara zabaltzen delako, eredu orekatu baten oinarriak jarriz. Dena den, kostaldeko eskualdeen hazkundea azpimarratu behar da, Donostialdea, Bidasoa Behera eta Debabarrena.

Iturria: www.datutalaia.net. Guk egina

Araban berriz bakarrik bi eskualdeek izango dute hazkunde positiboa -eta ez oso handia-: Kantauri Arabarra, Nerbioi eta Bilbo inguruko hazkundearen ondorioz, Laudio herrian bereziki, eta Arabako Lautada, Gasteizko hazkundeari esker. Gainontzeko eskualde guztiek -Gorbeia Ingurukoak, Arabako Mendialdea, Errioxa Arabarra eta Arabako Ibarrak- , nekazal girokoak, galerak izango dituzte. Eta ez ziren oso handiak izan, hein handi batean, gerra ondorengo urteetan landa inguruneek izan zuten berreskurapen demografikoari esker. Nafarroan, Iruñerrian Arabako Lautadako dinamika bera errepikatzen da, hazkunderik inportanteena hemen gertatu zelako. Baino parekotasun hau hemen bukatzen da, Pirinioetan izan ezik gainontzeko eskualde guztietan hazkundea gertatzen baita. Egia da bi kasuetan oso hazkunde xumeak direla (Ipar-mendebaldea eta Lizarra aldea) baino oraindik ez dute Arabako dinamika atzerakoia. Eta gainera beste bi eskualde, Erribera Goitia eta Tuteraldea alegia, hazkunde polita daukate nekazaritza emankorrago eta lehen sektoreari lotutako industriei esker.

Taula 4: Bizt. hazkundea, herrialdeka. 1900-2001 (%)

Epealdia E. H. Araba Bizkaia  Gipuzkoa Lapurdi N. B. N. G. Zuberoa
1900-1910 7,7 0,7 12,4 15,7 8,5 -1,3 1,5 5,4
1910-1920 8,8 1,6 17,0 14,1 -0,3 -9,6 5,6 -9,5
1920-1930 12,7 5,5 18,4 16,9 20,3 -1,2 4,9 -5,9
1930-1940 5,8 7,8 5,3 9,7 -0,8 -5,9 6,9 -2,5
1940-1950 7,8 4,2 11,3 12,7 2,9 -6,6 3,6 -4,3

Iturria: www.datutalaia.net

Iparraldean, berriz, industrializazioari lotutako garapen demografikori ez dugu ikusiko baina bai, ordea, hirugarren sektoreari lotutakoa. Mendearen lehendabiziko erdian 20.000 biztanleko hazkundea baldin badugu, kostaldeak jasan zuen igoera demografikoari esker izan zen. Hemen bai, Hegoaldean bezala, kostalde eta barnealdearen arteko hazkunde eredu ezberdinak agerian geratzen dira. Zuberoak 4.000 biztanle eta Behe Nafarroak ia 10.000 biztanle galtzen dituzten bitartean, Lapurdik, gehien bat 3. sektoreari lotutako garapenari esker, 34.000 biztanle irabazten ditu. Euskal kosta frantziar aberats askoren jo puntu bihurtu zen eta Miarritzen zein Donibane Lohitzunen beraien bigarren erresidentzia jarri zuten, gehien bat udak igarotzeko. Hau nabarmena izan zen 20. hamarkadan, non turismo honen ikur bezala Belle Epoque aipa genezake. Horrek barnealdetik kostalderako inmigrazioa lagundu zuen baina, nafar eta zuberotar askok eta askok, nekazaritzaren gainbeheraz jabetuta, Parisa zein Bordelera alde egin behar izan zuten. Dena den, eta juxtu bigarren hamarkada honetan, I Gerrate Mundialaren ondorioak nabariak dira, non, N. Behera eta Zubereko galerak areogatzen diren. Lapurdiko kasuan, salbuespena bada ere, hazkunde negatibo txiki bat izan zuen, hurrengo hamarkadan nabarmenki gora egiteko berriro ere.

2.2 1950-1981 aldia.

Aldi honetan Euskal Herriko hazkunderik handiena emango da, hiru hamarkada hauetan 62,4ko hazkundea izango baita, 1.238.112 biztanle berriak lortuz. Berriro ere, Hegoaldeko hazkunde tasa espainiar Estatukoa baino handiagoa izango da. Aurrekaririk gabeko demografi hedapen bati hasiera emango zaio, baino kasu honetan lau herrialdeek parte hartzen dute, ordura arteko kontrastea lausotuz, industri garapena lurralde guztietan zabaltzen baita. Hazkunde honen sorburuak berdinak dira guztientzat, inmigrazio prozesuaren intentsitatea eta balantze begetatiboaren hazkunde positiboa.

Iparraldeak hazkunde honetan parte hartzen baldin badu, kostaldeko eta barnealdeko ereduak bere horretan jarraitzen dute. Orotara, Iparraldean hortxe-hortxe 43.000 lagun gehiago zenbatu ditzakegu. Lapurdik, aipatutako denboraldian, 51.000 biztanle irabazi bazituen ere, Behe Nafarroak eta Zuberoak biztanleak galtzen jarraitzen dute, garai berean 5.000 eta 3.000 biztanle galduz, hurrenez hurren. Gainera bi lurralde hauetan azken bi hamarkadak isaladatzen dituzte galera handienak.

Beraz, etapa honetan, grafikoan ikus dezakegun bezala, ezberdintasunak ezberdintasun, Euskal Herriko hazkunderik garrantzitsuena suertatu zen. Hegoaldean hazkunderik altuena 60. hamarkadan izan zen, eta baita ere lau herrialdeetan, banaka hartuta ere. Datu orokor hauek eman ondoren erritmo eta zonalde ezberdinak aztertuko ditugu.

Taula 5: Biztanleriaren bilakaera, herrialdeka (z.a.) 1950-1981

Urtea E. H. Araba  Bizkaia Gipuzkoa Lapurdi  N. Beher. N. Gar.  Zuberoa
1.950 1.643.272 122.172 569.944 374.040 138.405 35.056 382.932 20.723
1.960 1.982.995 142.435 755.139 478.337 150.593 33.927 402.042 20.522
1.970 2.565.377 206.995 1.043.875 631.003 166.920 32.360 464.867 19.357
1.981 2.881.384 262.407 1.181.865 692.782 189.594 29.730 507.367 17.639

Iturria: www.datutalaia.net

Ondoren hazkunde positibo honen bi faktore aztertuko ditugu. Azpimarratu behar den lehenengo gauza inmigrazio eremuaren zabalpena da. Aurrekoetan ez bezala kostaldeko bi lurraldeei orain Araba eta Nafarroa gehitzen zaizkie. Hala ere, erritmo ezberdinekin gertatuko da: 50 eta 60ko hamarkadatan kostaldekoek nabarmenki aurkezten dute migrazio saldorik positiboenak eta Araba, modu xumean 50eko hamarkadan eta nabarmenago hurrengoan, sartzen da. Nafarroak, berriz, 50eko hamarkadan oraindik saldo negatibo dauka eta hurrengoan joera aldatzen badu ere, ez du zifra handirik lortzen. Migrazio mugimenduek 70ko hamarkadan izango dute inflexio puntua, bere aurreko joera aldatzen, batez ere azken bost urteetan. Aldaketa hau Bizkaia eta Gipuzkoako kasuan (azken honek saldo negatiboa izango du hamarkadaren bukaeran) oso garbia da. Arabak berriz, eta kopurua jaitsi arren, saldo positibo nabarmen mantentzen du. Nafarroak ere saldo positiboa mantenduko du, zifra txikietan bada ere.

Taula 6: Biztanleriaren hazkundea herrialdeka (%) 1950-1981.

Epeak E. H. Araba Bizkaia Gipuzkoa Lapurdi  N. Behe.  N. Gara.  Zuberoa
1950-1960 20,7 16,6 32,5 27,9 8,8 -3,2 5,0 -1,0
1960-1970 29,4 45,3 38,2 31,9 10,8 -4,6 15,6 -5,7
1970-1981 12,3 26,8 13,2 9,8 13,6 -8,1 9,1 -8,9

Iturria: www.datutalaia.net

Bigarren faktorea askotan hazkunde orotara garrantzi gehiago izan duen hazkunde begetatibo edo saldo naturala daukagu. Nafarroan horrela gertatu da aztertzen ari den aldi osoan zehar, eta 60ko hamarkadan kenduta gainontzeko lurraldeetan ere bai (Bizkaia da salbuespena non 50eko urteetan ere migrazio saldoa hazkunde naturala baino inportanteago izan zen). Arrazoiak dinamika naturala markatzen duten bi tasetan bilatu behar dira. Alde batetik 1900tik aurrera behera egiten ari zen heriotza tasak joera mantentzen du. Bestetik, honi elkartzen zaio balore altuak izango duen jaiotze tasa, bereziki 60ko hamarkadan eta neurri handi batean migrazioaren ondorioa.

Aldi honetan lau lurraldeetara zabaltzen den industri hedapenak espazioan eragin desberdina izango du eta honen ondorioz eskualdeen hazkunde tasen arteko aldeak hobeto ulertzen dira. Inmigrazioak, espainiar eskualdekoa nahiz eskualdeko bereko landa udalerrietakoa, eremu industrializatuenak ukituko ditu, non hazkunde tasak deigarriak izango diren. Aitzitik, landa izaera mantentzen duten zenbait eskualde eta udalerririk despopulaketa prozesu larria jasango dute. Arabako kasua adibiderik garbiena da eta aurreko aldian gertatutakoa errepikatzen da, non hazkunde inportanteenak hiriburuan eta aldameneko herri batzuetan eta Arabako Kantauriko Laudio eta Amurrion ematen diren. Berriz, nekazal giroko eskualdeak, eta bereziki Arabako Mendialdea eta Arabako Bailarak galerak izango dituzte.

Iturria: www.datutalaia.net. Guk egina

Berriro ere kostaldeko eskualde guztiek hazkunde positiboa izango dute. Bizkaian tasa handienak Durangaldeari eta Bilbo Handiari dagozkie, azken honek, metropoli barrutian batez ere, asetze zantzuak badauzka ere. Etxebizitza eta industri eremu berrien beharra aldameneko herrietara zabalduko du eta neurri txikiagoan ondoko Plentzia-Mungia eskualdera. Gainontzeko eskualde guztien hazkundea askoz moderatuagoa izango da.

Gipuzkoak aurreko lurraldeetako baino hazkunde tasa baxuagoa dauka eta, aldi berean, hobeto zabalduta eskualde guztien zehar. Horrela, eskualde guztiek, Tolosaldeako eta Urola kosta izan ezik, %2tik gorako tasak dituzte. Eremu dinamikoenak Deba, Urola eta Oria ibaien ardatzen barrenean eta Irun-Donostia-Lasarte hirukian kokatzen dira. Ardatz hauetatik kanpo eta mendi aldean gelditzen diren eremuak atzera egingo dute.

Nafarroako dinamika Arabako bezalakoa da zenbait alderdietan: eskualde erdiek baino gehiagok balio negatiboak dituzte eta tasen arteko desberdintasuna handia da. Pirinioetan lehen ematen ziren galerak areagotzen dira eta zabaltzen dira, balore txikiagoekin, erdialdeko eremu guztira. Ipar-mendebaldean, bai Sakanean bai beste herrietan (Leitza, Bidasoako herriak, Arakil, ea) eman zen industrializazioari esker, tasa negatiboa txikia da. Iruñerriko eskualdean, hiriburuan nahiz aldameneko herrietan garatu den industriak eta hirugarren mailako jardueren sustapenak hauen dinamika bizia azaltzen digute. Ebro ibaian eta bere adarretan garatu den nekazal intentsiboak eta industriak Erribera Goitia eta Tuterako eskualdeen hazkundeak ekarri dituzte.

Hiru hamarkadetako hazkunde demografikoa laburbildu nahian, ahaztu gabe herrialde bakoitzak berezko ezaugarriak izan dituela, baieztatu dezakegu Euskal Herriko historia osoko hazkunde demografiko handiena, zalantzarik gabe, hamarkada hauetan izan dela, gehien bat 60. hamarkadan, eta joera hau moteltzen hasi da, nahiz eta hazkundea garrantzitsua izan, 70. hamarkadan.

2.3 1981-2001 aldia.

70. hamarkadaz geroztik hazkundearen geldotzeak berezitako etapa berri bati hasiera emango dio. 80. hamarkadan hegoaldeko biztanleriaren gehikuntza 2.600 pertsona ingurukoa baino ez da. Honek suposatzen du Espainiako hazkundearen tasaren azpitik, lehenengo aldiz, egotea. Gainera, azpimarratu behar da hazkundea murriztuz doala eta hamarkada honetan balio negatiboak agertzen direla.

Berriro ere, kostaldeko eta barrualdeko probintzien arteko diferentziak ematen dira, baino orain arteko joerak aldatuz: kostaldeko probintziak, Bizkaia eta Gipuzkoa, orokorrean moteltze eta galtzearen joera errepikatzen da. Bizkaiak eta Gipuzkoak, 80. hamarkadan, lehendabiziko aldiz, hazkunde negatiboa dute, -2.1 eta -2.4, hurrenez hurren, eta 90. hamarkadan Bizkaikoa -2.9 izatera iristen da. Gipuzkoak 96. urte arte biztanleak galtzen jarraituko du, urte horietatik aurrera, poliki-poliki, biztanleak irabazten hasiko da. Bizkaiko inflexio puntu garbirik ez dugula esan beharra dago, baina 2.000 eta 2004ko urteen bitartean biztanleen galera dinamikari bukaera ematen zaio, biztanleria 1.130.000 pertsonen inguruan egonkor mantenduz. Biztanleen igoera argia, berriz, ez da iritsiko 2005. urtera arte. Arabak eta Nafarroak, urtez urte, hazkunde oso handia izan gabe, gora egiten jarraitzen dute.

Taula 7: Biztanleriaren hazkundea, herrialdeka. 1877-2001 epealdika (%)

    

Epeak E. H. Araba Bizkaia Gipuzkoa  Lapurdi N. Behe. N. Gara.   Zuberoa
1981-1991 0,1 5,8 -2,1 -2,4 7,8 -2,5 3,2 -6,4
1991-2001 0,7 3,7 -2,9 -0,4 7,2 -2,1 6,2 -5,9

Iturria: www.datutalaia.net

Era berean, Lapurdin ere hazkunde positiboak ikusiko ditugu, bi hamarkadetan Euskal Herriko handienak izanik. Iparraldeko barnealdeak biztanleak galtzen jarraitzen duen arren, badirudi 70. hamarkadako biztanle galera erraldoiaren joerari bukaera ematen hasten dela. Biztanleen galera bai, baina 10. hamarkadaren -9 eta 70. hamarkadaren -8 hazkunde tasa negatibora iritsi gabe.

Taula 8: Biztanleriaren bilakaera, herrialdeka (z.a.) 1981 2001

Urtea E. H. Araba Bizkaia Gipuzkoa Lapurdi N. Beher. N. Gar.  Zuberoa
1.981 2.881.384 262.407 1.181.865 692.782 189.594 29.730 507.367 17.639
1.991 2.883.993 277.653 1.156.671 676.307 204.313 28.978 523.563 16.508
2.001 2.903.263 287.928 1.123.002 673.563 219.029 28.377 555.829 15.535

Iturria: www.datutalaia.net

Hegoaldean daukagun kostalde eta barnealde arteko aldaketa berri honen arrazoiak bi faktoreetan bilatzen dira: migrazio mugimenduetan eta berezko hazkundetan, konkretuki, jaiotze tasan ematen diren aldaketetan. Izan ere, Estatu mailan hamarkadaren erdialdetik aurrera ematen den jaiotze tasaren atzerakada lau lurraldeetan ere emango da, eta bereziki Erkidego Autonomoan, non 1975. urtean Estatu mailan jaiotze tasa handiena izatetik, urte gutxietan txikienera izatera pasatzen den. Gainera, heriotza tasa, mendean zehar behera egiten ari zela, aurreko hamarkadetan bere topera ailegatua zen, eta 1986-1991 gora ere egingo du, modu apalean egin arren. Beste aldetik, jaiotzak asko jaitsi arren saldo naturala positibo mantendu zen eta hazkunde txikia, baina positiboa izatea lortzen du, migrazio mugimenduak negatiboak izanda ere.

Iturria: www.datutalaia.net. Guk egina

Estatu mailan 70ko hamarkadatik aurrera migrazioen bi joera berriak hasi ziren nabaritzen: alde batetik herrialdeen arteko mugimenduen murriztea eta bestetik leku orientabide aldatzea. Orain, eskualde batzuen galerak bai besteen irabaziak ez dira oso handiak. Beste fenomeno berri bat hasten da agertzen, itzulera korronteak. Honen ondorioa, Erkidego Autonomoan migrazio saldo negatiboak agertzea izango da, baina, bereziki, aspaldiko industrializazioaren eskualdeetan, industri birmoldaketak eta langabeziak gehien eragindakoetan, Bizkaian eta Gipuzkoan alegia. Aitzitik, Araba eta Nafarroa, hazkunde kopuru txikiekin, saldo positiboak lortuko dituzte. Horregatik, esan daiteke migrazioetan ematen den dinamika desberdinak kostalde eta barrualdekoen arteko dauden hazkunde diferentziak azaltzen dizkigula.

Demografi hazkundea Hegoalde osoan zehar geldotzen da. Urte hauetan, 10 eskualdek bakarrik lortzen dute bere biztanleria gehitzea eta gainontzeko guztietan galdu egiten da. Aurreko aldian ez bezala, galerak nahiz irabaziak apalagoak izango dira.

Araban, mende hasieratik gora egiten ari ziren eskualdeak, Kantaurikoa eta Lautada, bereziki azken hau, mantentzen dira, Gasteizko hazkundeari esker. Gainontzeko guztietan, modu berezian Mendialdean eta Bailaretan, despopulatze prozesuak jarraituko du.

Aurreko aldiekin alderatuz gero, gauzarik berriena kostaldeko eskualde gehienek tasak negatiboak izatea da. Bizkaian industria nahiz landa eskualdeetan agertzen dira galerak, Bilbo Handia barne. Dinamika bizia eta positiboa Plentzia-Mungia eskualdeak dauka, non Bilbo Handiko etxebizitzen zabalpena jasotzen den.

Gipuzkoako dinamika oso geldoa da. Donostialdeak ez du ez irabazten ez galtzen eta saldo positiboa dutenak oso txikia dute; %0,5 ingurukoa (Bidasoa Behera eta Urola Kosta). Gainontzeko guztiek galera txikiak dituzte, Deba Behera kenduta (-%0,92).

Nafarroan ere aldaketa esanguratsuak ematen dira. Dinamika positiboa bi eskualdek bakarrik izango dute, Tutera –oso hazkunde txikiarekin- eta Iruña, non hazkundea mantsotu arren %1etik gora daukan. Besteek galerak izango dituzte eta galera handienak, berriro, Pirinioetan emango dira.

2.4 2001tik aurrerako aldia.

Egonkortasun ekonomikoa urte batzuk lehenago aipatzea dagoen arren, mende berri honen hasierarekin batera aldaketa interesgarri batzuk agertzen dira, alde batetik, aurreko garaian Euskal Herriko hazkunde geldotzeaz eta Gipuzkoako eta Bizkaiko biztanle galerak agertzen ziren bitartean, orain goranzko hazkunde baten hasieraren inguruan hitz egin beharko liteke. Hazkundeak, motela izanda ere, inflexio puntu batzuk suposatzen ditu, Gipuzkoan, ikusi dugun bezala 96. urtean izandakoa, baina orain, Bizkaian eta Behe Nafarroan ere ikusi ditzakegu, gainera, azken honetan gutxienez azken 125 urteetan egon den lehena izan da. Behe Nafarroak 1999. urtean 28.377 biztanle izatetik 2005. urtean 28.835 biztanle izatera pasatzen da, hau da, 538 biztanleko irabazia. Zuberoak bere biztanle galera ez badu era bat eten, badirudi hurrengo urteetan lortuko duela, izan ere, aipatutako denboraldian, 21 biztanle baino ez baititu galdu. Hurrengo urteetan ikusiko dugu Ipar Euskal Herrirako garapen neurriek noraino fruituak ematen dituzten, kontuan hartuta Lapurdin ere hazkunde prozesuak aurrera jarraitzen duela, 6 urteetan -1999. eta 2005. urte arteko denboraldian- hazkunde indizea ia-ia %4ra ailegatuz.

Taula 9: Biztanleriaren bilakaera, Hego Euskal Herria, 2001- 2005

Lurraldea 2001 2002 2003 2004 2005
Araba 288.793 291.860 294.360 295.905 299.957
Bizkaia 1.132.616 1.133.444 1.133.428 1.132.861 1.136.181
Gipuzkoa 680.069 682.977 684.416 686.513 688.708
Nafarroa 556.263 569.628 578.210 584.734 593.472
EHPenintsul. 2.657.741 2.677.909 2.690.414 2.700.013 2.718.318

Iturria: www.ine.es, guk osatua.

Eta, nola eta hazkunde positibo orokor hau, euskal lurralde guztietan zabaldua? Jada esanda dago edozein gizarteko hazkunde demografikoa nolakoa den ulertzeko, inmigrazio mugimenduei eta hazkunde naturalari begiratzea behar-beharrezkoa dela. Bi hauek, gainera, egoera ekonomikoarekin zer ikusi zuzena dute. Esan daiteke immigrazioa eta hazkunde naturala egoera ekonomikoaren ikurra direla. Baina, orain arte, Euskal Herriko barne garapen ezberdinei esker, egoera sozio-ekonomikoak zeharo ezberdinak izan direla, lurralde bakoitzean, ia-ia eskualde bakoitzean, garapen demografiko oso ezberdinak ikusi ditugu. Orain, berriz, demografiaren hazkunde positiboa orokorra da, bai Hegoaldean eta bai Iparraldean, kostaldean zein barnealdean. Orain ez dira, lehen agertzen ziren bezala, eskualdeen arteko migrazio mugimenduak edo eta landa eta industri eremu arteko mugimenduak. Ezta ere Frantzia eta Espainiako estatuen barneko migrazio mugimenduen fenomeno bat. Haratago begira, mundu mailan gertatzen ari den fenomeno berri bat da, lehen bezala, pobreziatik alde eginda, hegoaldeko herrialdeetatik iparraldera datorren migrazio mugimendu berria dago. Helmuga ez da oso lokalizatuta dagoen eskualde bat edo probintzia bat. Ezta estatu bat ere. Gaur egun, migrazio mugimendua garapen bidean dauden herrialdetatik mendebaldeko herrialdeetara da.

Gure kasuan, nazioarteko migrazio mugimendu berri hau Latinoamerikatik, Afrikatik eta Asiatik datorrena da. Hizkuntza dela eta, datozkigun etorkin gehienak Ameriketatik datozenak dira. Hala ere, ukatu behar da, momentuz behintzat, Euskal Herrian migrazio mugimendu berri hauek, kuantitatiboki, oso inportanteak direla, are gehiago gure inguruko Madril, Bartzelona edo Paris bezalako hirietan dagoen etorkin kopuruarekin alderatuz gero. Badirudi Euskal Herriko lan merkatuak dituen ezaugarriengatik esku-lan kualifikatua dela gehien bat eskatzen duena eta, horrela, datozen nazioarteko etorkinak hiri handietan zein nekazal gune jakin batzuetan (Arabar Errioxa, Nafarroako Erribera) biltzen direla, hots, oso kualifikatuak ez diren lanak eskaintzen dituzten lekuetan.

Baina, Euskal Herriko hazkunde demografiko orokor berri hau ulertzeko migrazio mugimendua ezinbesteko faktore bat izan arren, ez dago ahazterik hazkunde naturalean, eta, honen barruan, jaiotze tasan aldaketak ere badauzkagula. Aurreko hamarkadan Euskal Herriko jaiotze tasa Europako txikiena izan da eta horrek hazkunde tasa negatiboa izaten lagundu du. Inflexio puntua 1994. urtean topatzen dugu eta hortik aurrera, poliki-poliki, hazten joan da. Gaur, jaiotze tasa txikia bada ere, apur bat igo egin da, alde batetik bertako emakumeek umeak izaten hasi direlako, asko eta asko nahiko berandu, lehengo umea 30 eta 35 urteak pasatuta, demografoek aurreikusten ez zuten adinetan eta, beste aldetik, migrazioek beti dakartelako lekuko jaiotze tasa igotzea. Etorkinak, orokorrean, eta Paristik Lapurdira edo Hego Euskal Herritik Mediterraniora doazenak kenduta, pertsona gazteak dira, euren bizi-proiektua oraindik bete gabe daukatenak, ugaltzeko garaian daudenak. Horrek, nahi eta ez, bertako jaiotze tasaren igoera ekartzen du eta, horrela, nazioarteko migrazioek hazkunde demografikoan birritan eragiten diote. Dena dela, Europako jaiotze tasa, 10.1 hain zuzen, munduko txikiena baldin bada, gurea, 9.8 izanda, oraindik horren azpian dago. Jaiotze tasa milakotan ematen da eta oro har esaten da jaiotze tasa altua dela 30 baino handiago denean, ertaina 20 eta 30 artean dagoenean eta txikia 20ra iristen ez denean. Euskal Herriko datuak ikusita, beraz, badirudi kezkatzeko motiboak ditugula, izan ere, hazkunde tasa zertxobait igo bada ere, oso parametro baxuetatik egiten ari dela kontuan hartu behar dugu.

3. DEMOGRAFI HAZKUNDEAREN OSAGAIEN EBOLUZIOA.

3.1 Berezko hazkundea.

Biztanleriaren garapenean parte hartzen dituzten faktoreak, berezko hazkundea eta migrazioa, hain zuzen, lehen ere aipatu ditugu. Berezko hazkunde barruan heriotza eta jaiotza tasa ditugu eta orain aztertuko ditugu, lehenago, bilakaera orokorrean, zenbait komentarioak egin arren.

Heriotza tasaren eboluzioak gora behera gutxi izan ditu. Mende hasieratik etengabeko beherakada izan du eta 1900 %0 24,2 (Gipuzkoa) edo %027,9 (Araba) baloretatik 1950ko %09,6 (Bizkaia) edo %010,9 (Araba) baloretara pasa zen, beherakada handiarekin. 60. hamarkadatik hasita, apurka-apurka, heriotza tasa berriro gora egiten hasi zen, hori bati, mende hasierako baloreetara iritsi gabe. 2004. urteko heriotza tasa %09.1an kokatzen zen. Azken urteetako gorakada txiki hauek ez digu adierazten, dena den, hemen bizi kalitateak atzera egin duela, juxtu kontrakoa, adineko pertsonak gero eta urte gehiago bizi direla eta, beraz, gero eta zahar gehiago daudela. Azken finean zahartze prozesuaren ondorioz gertatzen den gorakadatxo hau. Orokorrean mendebaldeko herrietan gertatu den fenomenoa da, hots, goiko adineko taldeak puztuz gero, pertsona zahar gehiago daude hiltzeko adinean eta horregatik gorakadatxo hori.

Taula 10: EHko penintsularreko lurraldetako H.T 1900-2001 (milaka).

URTEAK ARABA BIZKAIA GIPUZKOA NAFARROA
1900 27,9 26,2 24,2 26,7
1950 10,9 9,6 9,9 10
1960 9,2 7,5 7,7 8,9
1970 7,7 7,4 7,5 8,6
1980 5,9 6,7 5,4 8,2
1990 6,8 7,9 7,4 8,4
2000 8,1 7,4 8,3 9,1

Galdós,R. (1998) "Euskal Herria penintsularreko biztanleria", Ruiz Urrestarazu eta Meaza, G. Euskal Herriko Geografia. Tomo 5. Ostoa/Etor eta INE. Guk osatua.

 

Jaiotze tasak beste azterketa behar du. Mende hasieran, Hegoaldean, balore altuak zituen heriotza tasa orekatzeko (Bizkaia %034,7 eta Nafarroa %030,2). Hurrengo urtetan jaitsi arren –lurralde guztietan 10-15 puntu bitartean 1950 urtetarako- berriro igoko da 1960ko hamarkadan eta hurrengoan balore altuetan mantenduko da. Hemen bi arrazoi daude hau azaltzeko: alde batetik Hegoaldean Gerra Zibilak sortutako eta ondorengo urtetan pasatutako miseriak bukatzen ari zirela eta ekonomia piztu ahala gizakiak aurreko urtetako galerak berreskuratzen saiatu zirela. Beste aldetik, Hego Euskal Herrian (kasu honetan Nafarroa kenduta, dinamikan honetan oraindik sartzen ez baita) 1955tik aurrera etorritako immigrazioak, orokorrean gaztea eta ezkontzeko adinetan, gaztetu egin zuen biztanleria eta jaiotzak gehiago bizkortu zituen (bereziki 1955-1965 etapan). 1966-1975 bitartean jaiotza tasa hasiko da mantso baina etengabe behera egiten. Orokorrean, 1950-1975 aldia eta berezko hazkundeari begira etaparik dinamikoena izango da, saldo natural handiekin. Etapa honetan mendeko hazkunde tasarik handienak ematen dira, berriro errepikatuko ez direnak.

Taula 11: EHko penintsularreko lurraldetako J.T 1900-2001 (milaka).

URTEAK ARABA BIZKAIA GIPUZKOA NAFARROA
1900 33 34,7 30,6 30,2
1950 20,1 18,9 20,5 19,6
1960 22,9 24,3 23,7 19,6
1970 21,2 21,2 20,9 18,3
1980 15,1 13,2 10,2 13,9
1990 8,3 7,4 7,7 9,2
2000 7,3 8,6 8,5 8,7

Galdós,R. (1998) "Euskal Herria penintsularreko biztanleria", Ruiz Urrestarazu eta Meaza, G. Euskal Herriko Geografia. Tomo 5. Ostoa/Etor eta INE. Guk osatuta.

 

1975tik aurrera jaiotze tasak inflexio puntu gogor bat dauka eta oso epe motzean izugarrizko beherakada izango du. Lau lurraldetan ez da intentsitate eta erritmo berberean emango, baino bukaeran, heriotza tasarekin bezala, antzeko baloreak izango dituzte. Horrela, 1976-1980 urteetan kostaldeko lurraldeetan %04-5 puntu galtzen dituzten bitartean, Araban eta Nafarroan bizpahiru puntu gutxiago izango dute. Hurrengo bost urtetan, 1981-1985ean, guztiek izango dituzte galera inportanteak, %04 puntutik gora, Bizkaiak bereziki, ia sei puntuak galduz. Bukaeran, 1986-1990 urteetan lurralde guztiak %08/9 jaiotze tasan kokatzen dira. Horrela, 15 urtetan tasak erdira jaitsi dira. Agian, jaiotzak zenbaki absolutuetan ikustea esanguratsuagoa izango da: 1970ean 47.113 jaiotzak egon ziren, 1981ean 33.931 eta 1991ean 21.081, beraz %40 gutxiago 1981arekin alderatuz gero eta %56 1970arekin konparatuz gero. Emankortasun tasaren azterketan sartu gabe, orokorrean gauza bera gertatzen dela esan daiteke. Baina adinaren araberako emankortasun tasak aztertzen badira beste aldaketa batzuk ikus daitezke, seme-alaben izatearen atzerapena, hain zuzen. Horrela, 60 eta 70ko hamarkadetan, jaiotza gehienak 20-24 eta 25-29 urte bitartean ematen baziren (bereziki azken taldean), laurogeiko hamarkadaren bukaeran 30-34 bitarteko taldea izango da garrantzitsuena, eta ez hau bakarrik, 35-39 urte bitartean 20-24koan baino jaiotza gehiago ematen dira. Honek haurrak izateko adina nabarmen atzeratu egin dela frogatzen du.

Taula 12: JT. eta HT. Euskal Herrian eta Europan (milaka) 2004.

Eremua J.T H.T.
Euskal Herria 9,8 9,4
Austria 9,7 9,5
Belgium 11,2 10,2
Cyprus 11,4 7,3
Czech Republic 9,6 10,6
Denmark 12,0 10,9
Estonia 9,6 13,5
Europako Batasuna 10,7 9,9
Finland 11,1 9,4
France 12,8 9,2
Germany 8,5 10,3
Greece 10,2 9,6
Hungary 9,4 13,4
Ireland 15,3 7,3
Italy 9,7 9,7
Latvia 8,8 13,9
Lithuania 8,8 11,8
Luxembourg 12,1 9,0
Malta 9,2 7,7
Netherlands 11,9 8,8
Poland 9,3 9,6
Portugal 10,4 10,5
Slovakia 10,0 9,7
Slovenia 9,0 9,7
España 10,7 9,2
Sweden 11,2 10,4
United Kingdom 11,7 10,2

Iturria: www.datutalaia.net

 

Mende bukaeran ikusi dugun jaiotza tasaren garapenak ez du berezko hazkundea bultzatu. Hazkunde honen mantsotze prozesua ez da berria, 60ko hamarkadan hazia baitzen. 1976-1980 bitartean eman zen beherakadaren ezaugarri nagusiena bere intentsitatean dago. Urte horietan kostaldeko lurraldeetan berezko hazkundeak, gutxi gora behera, %50ko galera izango du eta Araban eta Nafarroan %30koa. Hortik aurrera etengabeko jaitsiera ematen da, 1990ean zero balioetara hurbildu arte. Bizkaia eta Gipuzkoa saldo negatiboetan hasiko dira sartzen eta 1994an Euskal Herriko inoiz ikusi dugun jaiotze tasa txikiena ikusiko dugu, %08ra iritsi gabe. Joera hau, mende berriarekin, zertxobait hasi da aldatzen. 2001. urtean jaioak hildakoak baino gehiago dira, oso kopuru txikian bada ere. Ez da izango 2004. urtera arte jaiotze tasak nolabaiteko gorakada jasoko duenean, %09,8ra iristeaz gain, azken 20 urteetako jaiotza kopuru handienekoa izanda. Hala ere, oraindik belaunaldien ugalketa bermatuko lukeen indizetik, emakumeko 2,1 haur, oso urruti. Indize hau kalkulatzeko, urtebetean 15 eta 49 urte bitarteko 1000 emakumeko egondako jaiotzak kontuan hartzen dira.

3.2 Migrazio mugimenduak.

Migrazio mugimendu azterketa zailagoa da, datu bilketaren arazoak direla eta alde batetik, eta bestetik, banaketa administratiboek, gehien bat estatuen artekoak, lan hori ez dutelako errazten. Hala ere, 1962tik aurrera Hegoaldeko informazio zuzenagoa dago, eta guztiz fidagarria izan ez arren, baliagarria gertatzen da. Horregatik bere eboluzioan hiru aldi bereiz daitezke: 1962-1975, garapen urteetako migrazioak; eta 1975-1991, saldo negatiboen urteak eta 1991-2005 migrazio berriaren hasiera.

3.2.1 Lehenengo aldian (1962-1975).

Hego Euskal Herriak 348.165 etorkin jaso zituen eta emigrazio zela eta 96.039ko galera izan zuen, berez etapa horretan saldo positiboa 252.126 pertsonakoa izan zen. Zenbaki absolutuei begira Bizkaia da migrazio saldo handiena daukan lurraldea (149.153), gero Gipuzkoa (53.542) eta ondoren Araba (29.251) eta Nafarroa (20.180). Baino balore erlatiboak alderatuz gero panorama asko aldatzen da eta tasarik handiena Arabak dauka (%19,25), bigarrena Bizkaia (%18,43) eta ondoren Gipuzkoa (%12,47) eta Nafarroa (%8,13). Barne eta kanpoko mugimenduei begira ezberdintasun batzuk daude.

Hego Euskal Herriko barne mugimenduak bakarrik kontuan hartuta, Araba da saldo positibo nabarmena duena, eta gero, urrutiago Bizkaia. Gipuzkoa eta Nafarroa berriz kontrako egoeran daude, eta Gipuzkoa da beste lurraldeekiko nabarmenki galtzen duena. Orduan, barne mugimenduak bakarrik kontuan harturik, ekialdeko lurraldeak (Araba eta Bizkaia) saldo positibo izan dute eta mendebaldekoak (Gipuzkoa eta Nafarroa) saldo negatiboa. Aldi honetan ematen diren mugimenduak, urte haietan eman zen landa exodoarekin loturik daude. Araba eta Nafarroako kasuan, landa eremuetatik hiri industri eremuetara izan zen nabarmenki, hiri sistema oso garaturik ez zutelako. Kostaldeko lurraldetan ez da arrazoi berdina.

Orokorrean kanpoko mugimenduari dagokionez, lurralde guztietan joera antzekoak ematen dira: emigrazio mugimenduaren hazkundea eta immigrazioan gorako eta beherako urteak tartekatzea. Desberdintasunak erritmo diferenteetan ikusten dira. Itsasbazterreko herrialdeetan 60ko hamarkadako lehenengo urteetan eman zen immigrazio goren unea. Hortik aurrera immigrazio sarrerak gutxitzen joan ziren. Araban antzeko prozesu gertatzen da baino 70ko hamarkadan immigrazioa berriro suspertu zen. Nafarroan, berriz, gainontzekoetan motelaldian gertatzen den bitartean immigrazio prozesua areagotuko da (1965-1980). Aurrerago agertuko den bezala, ekonomi prozesu desberdinek lurralde bakoitzeko eboluzioan eragin zuzena izan dute.

Immigrazioaren jatorriari begira, eta gertutasun garrantzia ahaztu gabe, apenas trukerik ematen ez diren eremu garbi batzuk agertzen dira, Penintsulako erdi-ekialdea eta uharteak alegia. Euskal Autonomi Erkidego eta Nafarroaren artean ere aldeak daude: lehenengo hiru herrialdeetan immigrazio %80 Gaztela-Leon, Extremadura, Andaluzia eta Galiziatik dator; Nafarroan berriz Gaztela-Leon eta Andaluziari, Aragoi eta Errioxa gehitzen zaie eta guztien artean %66 suposatzen dute.

Emigrazioaren kasuan kontrakoa gertatzen da eta Gaztela-Leonek, eta bereziki Burgos probintziak, jasotzen ditu Erkidegoko emigrazio mugimenduak. Kasu honetan oso dinamikoak diren beste zonaldeek ere (Madril, Bartzelona eta Zaragoza Nafarroako kasuan) emigrazio mugimenduak jasoko dituzte.

Iparraldean, berriz, migrazio joera era bat ezberdina da eta ez dauka zer ikusirik Hegoaldean gertatzen ari zenarekin. Lapurdin, goranzko joera urte horietan jada ikusgai dugu. Etorkinen artean, bai Ipar Euskal Herriko barnealdetik etorritakoak bai eta Frantziako beste bazterretatik etorritakoak agertzen zaizkigu. Behe Nafarroan eta Zuberoan, berriz, biztanle galera etengabea zen. Batzuek Lapurdira eta beste askok eta askok Parisa alde egin zuten. Oro har, esan dezakegu 60. hamarkadan Behe Nafarroak urtero 200 lagun baino gehiagoko saldo negatiboa zuen eta Zuberoan 130 baino gehiagokoa.

3.2.2 Bigarren aldia (1975-1991).

1975tik aurrera okertuz joango den ekonomi Hegoaldeko egoeraren hasierarekin batera, oso nabarmen industri sektorean, migrazio joerak aldatu egingo dira. Hots, etapa berri bat irekitzen da, non aldaketak gogorrak gertatuko diren.

Azpimarratu behar den lehenengo ezaugarri berria saldoaren aldaketa da, non negatiboa bihurtu den. Honen arrazoia immigrazioaren beherakadan bilatu behar lehenengoz, non 1975-1993 bitartean 157.089 pertsonak etorri diren Hego Euskal Herrira (bataz beste urteko 8.727, aurreko etapan baino hiru aldiz gutxiago). Aitzitik lurraldea 259.186 pertsonak utzi du denera (bataz beste urteko 14.399, aurrekoan baino kopuru bikoitza). Honek ematen du 100.000 pertsona pasatxo galdu direla migrazio saldo negatiboa izan delako, eta balantze honetan garrantzi gehiago izan du immigrazioaren beherakada emigrazioaren gorakada baino. Lurraldeka aztertzen bada Erkidegoko zonaldeek aurkezten dituzte saldo negatiboak baino ez garrantzi berdinekin, Araban galera txikiagoak ematen baitira. Nafarroak saldo positiboak ditu oraindik. Immigrazio balore erlatiboei begira Arabak dauka tasarik handiena (%9,13), ondoren Nafarroa (%7,54) eta azkenean Bizkaia (%5,6) eta Gipuzkoa (%4). Emigrazio tasak ikusita aurreko joera baieztatzen da: Nafarroak dauka txikiena (%7,1), eta ondoren Erkidegoko lurraldeak datoz: Araba (%9,8); Gipuzkoa (%9,9) eta Bizkaia (%10,9). Itsas eta barrualdeko diferentziak ere berriro errepikatzen dira baino alderantziz: lehenengoak dira orain saldo negatiboenak dituztenak. Gainera joera hau indartzen da barneko mugimenduak aztertuz gero. Kasu honetan Arabak aurkezten du saldo positiboa, aurreko galera txikiak gaindituz. Nafarroak ere saldo positiboa dauka eta Gipuzkoak eta Bizkaiak, aitzitik, berriro galerak dituzte.

Taula 13: Migrazio saldoak herriladeka 1962-2005

Urtea E. Herria Araba Bizkaia Gipuzkoa  Lapurdi N. Beh. N. Garaia Zuberoa
1962-1968 169991 25767 87117 37340 12301 -2017 10807 -1324
1968-1975 124965 27919 65281 23434 8942 -1531 1479 -559
1975-1982 -69144 6847 -52503 -32921 11244 -579 -686 -546
1982-1990 -47991 2145 -42743 -26.860 16383 492 2999 -407
1990-1999 23086 10143 20235 -2162 16370 796 18263 -90
1999-2005 72684 7287 3641 3787 9535 1141 46802 492

Iturria: www.datutalaia.net

Biztanleriarengan islatzen diren joerak ekonomi aldaketetan oinarritzen dira. 70eko hamarkadaz geroztik ematen den krisia gordina izan zen industri tradizionala eta sektore helduetan espezializatuak zeuden zonaldeetan, Bizkaia eta Gipuzkoa alegia. Araba eta Nafarroa berriz, industri berriagoarekin eta sektore modernoagoetan oinarriturik, urte hauetan askoz dinamikoagoak izan dira eta pertsonak erakartzea lortu dute. Gainera, gertu duten Ebro Bailararen eragin positiboa ere jaso dute.

Erritmoetan lehengo joerak azpimarratzen dira berriro: Gipuzkoa (1975) eta Bizkaia (1977) berehala sartzen dira saldo negatiboetan. Arabako kasuan gero eta aldeko saldoa txikiagoa izanik oraindik positiboa mantentzen du. Nafarroak lehen zeukan irabazi moderatuak mantendu egiten ditu.

Mugimendu hauen helmuga eta jatorrietan, joera nagusiak mantendu egiten dira, baino sakabanatze prozesu bat ere hasten da ematen. Gainera, eta bereziki Immigrazio truketan kopuru txikiagoak direla eta, ez da aurreko aldian eman zen zonalde metaketa. Horrela, Gipuzkoan Gaztela-Leon, Madril, Extremadura eta Andaluziaren artean immigraziotik %58 suposatzen dute eta lurralde honetako %56 emigrazioarena jasotzen dute. Bizkaian gauza bera gertatzen da, Galizia gehituta. Kasu hauetan eta emigrazioan kontuan hartu behar da fenomeno berri bat, “itzulera” mugimendua hain zuzen. Izan ere, 60 eta 70eko hamarkadetan etorritako asko, lan arazoak edota erretiroa dela eta, jatorrizko herrietara bueltatzen dira. Arabako trukeak, norabide batean nahiz bestean, Gaztela-Leon, Errioxa, Andaluzia eta Madrilekin ematen dira (%67 hortik dator eta %59 horietan dauka helmuga). Nafarroako kasuan zifra baxuagoak ematen dira: %55 Aragoi, Katalunia, Errioxa eta Andaluziatik dator eta %52 Aragoi, Andaluzia, Gaztela-Leon eta Errioxa doa. Azken batez, estatu mailan bezala migrazio korronte tradizionalen ahuleziarekin batera estatu barneko mugimendu bizkortze prozesu bat ematen ari da, non biztanleriaren birkokapen bat gertatzen ari den.

Iturria: www.datutalaia.net

Barne mugimenduei dagokionez, hazkunde eta aldaketak ere ematen dira. Hazkundeak bai irteeretan bai sarreretan ematen dira baino etapa honetan saldoak lurralde bakoitzean aldatu egiten dira, lurralde bakoitzaren moteltasun edo bizkortasun ekonomikoa islatuz: Arabak handitu egiten du aurreko saldo positiboa, Gipuzkoak areagotzen du bere galerak, Bizkaia saldo negatiboetan sartzen da nabarmenki eta Nafarroa modu argian saldo positiboetan sartzen da.Mugimendu hauen ondorio batzuk aipatu dira eta beste batzuk biztanleriaren egitura aztertzen denean ikusiko dira. Denbora luzez Hego Euskal Herria helmuga lurralde izan da eta honen ondorioz prozesu desberdinak izan ditu: biztanleriaren gazteagotzea, ugalketa ahalmenaren gehikuntza, adin eta sexuaren araberako egitura aldaketak, e.a. Immigrazio mugimenduaren beste ondorioa jatorriaren araberako Estatuko biztanleriaren aniztasuna da, eta hasierako eragina eta geroko aldaketak 1970 eta 1991ko errolden azterketan ikusten da. Lehenengoak, 1970koak, immigrazioaren garrantzia islatzen du, non beste zonalde erakargarriko antzeko zenbakiak –Bartzelona, Madril- ematen dituen: Bertako biztanleria bi heren baino gehiago zen. Baino zenbaki orokorretik lurraldekoetara pasatuz gero, lurralde bakoitzeko historia eta errealitate desberdina agertzen da, eta oso egoera desberdinak daude Erkide Autonomo eta Nafarroaren artean. Horrela, Arabak holako portzentajek zituen 1970ean: bertan jaioak %59, Euskal Herriko beste probintzietan %10 eta Estatuko beste probintzietan %30,6; Bizkaiak honelakoak: bertan %60,6, Euskal Herriko beste probintzietan %3,4 eta gainontzekoetan zifrarik altuena %35,4. Gipuzkoan honelako portzentajek ematen ziren: bertako %65,2 , Euskal Herrikoak %7,5 eta Estatuko beste probintzietan %26,6. Ikusten denez, immigrazio kopuru inportanteena Bizkaiak jaso zuen. Lehen aipatu dugunez, Nafarroako egoera guztiz desberdina zen eta portzentajeen azterketa horrela baieztatzen dute: bertako %81,6, Euskal Herriko %2,5 bakarrik eta Espainiako probintzietakoak %15,3. 1991ko datuak aztertuz gero ezin da esan egoera guztiz aldatu dela baino bai migrazio korronte tradizionalen makaltze eta itzulera prozesuen ondorioak nabaritzen direla. Horrela, Araban eta Nafarroan (hemen gutxi bada ere) bertakoen proportzioak jaitsi egin dira (%56 eta %80) eta berriz Gipuzkoan eta Bizkaian gora egiten dutela (%71,8 eta %68,1).

Iparraldean ere, aurreko etaparekin konparatuz gero, ezberdintasun bat edo beste topatzen dugu. Lapurdik biztanleak irabazten jarraitzen du, baina 80. hamarkadan joera hau areagotuko du, urteko bataz besteko saldoa ia 3.300 lagunera iritziz. Behe Nafarroak, bere aldetik, 80. hamarkadan migrazio saldo negatiboari buelta ematen dio eta urtero, bataz beste, ia 100 pertsona gehiago etortzen dira joaten direnak baino. Zuberoak, biztanleen galera moteltzen badu ere, oraindik saldoa negatiboa izaten jarraitzen du, hori bai, -100 pertsonara iritsi gabe.

3.2.3 Hirugarren aldia (1991-2005).

Aldi honetan migrazio mugimenduan inflexio puntu bat agertzen zaigu eta, berriro ere, Euskal Herriak etorkin gehiago jasotzen ditu doazenak baino. Azken 15 urteko joera negatiboari bizkarra ematen dio eta aldi honetan ia 96.000 etorkin gehiago jasotzen ditu, alde egiten dutenak baino. Dena dela, azken sei urte hauetan lurralde guztietan saldo positiboak egon diren arren, 1991-2001eko tartean Zuberoak, Gipuzkoak eta Bizkaiak saldo negatiboa mantentzen zuten. Horrela, aldi hau bi tartetan bana genezake, Euskal Herriak, bere osotasunean hartuta, berriro saldo positiboa duen lehenengo tartea eta Euskal Herriak zein euskal lurralde guztiek saldo positiboa duten bigarren tartea. Azken tarte honetan, aurrekoarekin alderatuz, migrazio tasa hirukoiztu egin dela eta Euskal Herrira iristen den nazioarteko migrazioaren hasiera dela esan genezake.

Aldi honetan, etortzen direnak joaten direnak baino gehiago izan arren, migrazio mugimenduak bi norabideetan ikusten ditugu. Adibidez, 50 eta 60. hamarkadan etorkin asko jaso zituzten gune oso industrializatuetan, Barakaldo, Sestao, Pasaia... bueltako mugimenduak antzematen dira. Badirudi, jubilatu asko eta asko, lan ibilbidea bukatuta, euren sorlekura bueltatzea erabakitzen dutela. Iparraldeko barnealdean, berriz, kezkatzeko motibo beldurgarriagoak badaude, alde egiten dutenak gazteenak direla ematen baitu.

Etortzen direnen artean, Hegoaldean oso argi dago nazioarteko migrazio mugimenduak direla, gehienak Latinoamerikatik etorrita. Iparraldeko kasuan, migrazio joera berri hauek aztertzea oraindik konplexuagoa da, zeren, Europako Batasunetik kanpoko nazioarteko migrazioaz gain, Italiatik, Britainia Handitik, Alemaniatik eta Espainiatik migrazio mugimenduak antzematen baitira. Iparraldeko migrazioaren inguruko betiko irudia, hots, etorkin gehienak frantses aberats jubilatuak direla, ez dirudi gaur egun hain argi denik, izan ere, datozen etorkin gehienak lan egiteko garaian baitaude. Horrela, Iparraldera iristen diren migrazio mugimenduen barruan, bi motibazio nagusi topatzea dago, bat eta garrantzitsuena, lan egiteko garaian dagoen etorkina eta bi, lasai egoteko, adinean sartutakoak, jubilatuak. Azken hauen barruan, gainera, antzinako estereotipoaz gain, hots, erretiroan dagoen frantses diruduna, badirudi lan garaian alde egin zuen eta orain herrira bueltatu nahi duen euskalduna ere badagoela.

Nola nahi, eta azpi puntu hau laburbiltzearren, ezinbestekoa da oso presente edukitzea etorkin bakoitzaren atzealdean beti motiboren bat egoten dela eta, orokorrean, migrazio mugimenduak bizi baldintzak hobetzeko asmoarekin, esperantzarekin gertatzen direla. Batzuetan gerratik alde eginda, beste batzuetan goseak eraginda, askotan lan bila eta, noizbehinka, bizitzan zehar irabazitako dirua gozatzeko. Azken motibo hau kenduta, migrazio mugimenduak gogoz baino, behartuta gertatzen direla ulertu beharko genuke.

Taula 14: Kanpoko atzerritarrak kontinentearen arabera, 2005

  E. HERRIA ARABA BIZKAIA GIPUZKOA LAPURDI N. BEH. N. GAR. ZUBEROA
  Kop. % Kop. % Kop. % Kop. % Kop. % Kop. % Kop. % op. %
EUROPA 13951 13,1 1.349 10,4 3694 11,7 2035 12,9 223 15,3 13 39,4 6628 14,9 9 45
AFRIKA 24580 23,1 4471 34,5 5894 18,7 3076 19,4 854 58,8 9 27,3 10270 23 6 30
AMERIKA 63089 59,3 6374 49,2 19876 63 9796 61,9 260 17,9 11 33,3 26767 60 5 25
ASIA 4691 4,4 760 5,9 2034 6,4 867 5,5 116 8 0 0 914 2 0 0
OZEANIA 145 0,1 3 0 68 0,2 49 0,3 25 0,1
APATRIDAK 6 0 2 0 3 0 0 0 1 0
GUZTIRA 106462 100 12959 100 31569 100 15823 100 1453 100 33 100 44605 100 20 100

Iturria: www.datutalaia.net

Beste mendeetan zehar Euskal Herria migrazio mugimenduen irteera izan baldin bada, gaur, gizarte garapena eta bizi kalitate garrantzitsu bati eutsita, Euskal Herria helmuga bihurtu dela, gure inguruko Herrialdeak bezalaxe. Migrazio berri hauei, gainera, Iparraldeko barnealdeak zein Hegoaldeko kostaldeak bere biztanle galera eteten lortuko dute. Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, Behe Nafarroan eta Zuberoan biztanle berri hauen etorrera funtsezkoa izan daiteke lurralde hauen hustuketa behin betikoz eteteko.

Dena dela, ukaezina da, zenbait kasutan, migrazio korronte handiak egon direnean, bertako gizarteetan arazo serioak agertu direla, hala nola, arrazakeria, xenofobia, marjinazioa, erasoak, borrokak... Normalean, arazo hauek guztiak auzo txiroetan maizago gertatzen dira, antza, hango hiritarrek mesfidantzaz eta beldurrez ikusten baitituzte etorkin berriak, lan bila konpetentzia zuzena direnen beldur. Esan behar da, halaber, halako arazoak, gehienetan, erakundeetatik ez dutenean jakin behar bezala erantzuten eta etorkin kopuruak bertako biztanlearen %10 inguru gainditzen duenenean gertatzen direla. Euskal Herrira etortzen direnak gero eta gehiago direla jakin arren, esan behar dugu etorkinak EAEan, 2001. urtean, bertako biztanlearen %1.5 baino ez zela, beraz, gizartean arazoak sor ditzakeen kopurutik oso urrun.

4. HAZKUNDE EREDUAK.

Jada ikusita dago nola XX. mendean zehar izan den hazkundea ez dela berdina izan ez denboran ez espazioan. Denborari dagokionez, kostalde eta barrualdekoen arteko ezberdintasuna oso nabaria izan da. Lehenengoetan, Gipuzkoan eta Bizkaian, XIX. mendean ematen hasten den industrializazio goiztiarrak hazkunde handia ekarriko du XX. mendearen lehenengo erdialdean, hurrengo bi hamarkadetako industrializazio bizkorraldiarekin (1950-1970) areagotuko dena. Hortik aurrera, eta industria krisiak lagunduta 70ko hamarkadan geldialdi batean sartzen dira eta hurrengoan atzera egiten dute. 90ko hamarkadatik aurrera, apurka-apurka, aurrera egiten hasten dira. Lapurdin joera, etengabe, gora egitekoa izan da, industrializazio prozesu handi batean sartuta egon ez arren, baina serbitzu eta turismo iharduerak garatuz.

Barnealdean, Araban eta Nafarroan, berriz, industrializazio prozesua ez da 60ko hamarkada arte ematen eta XX. mende hasierako hazkundea moderatua izango da. Industrializazioa gertatu ondoren bizkortuko dute beraien dinamika positiboa, hasieran, nabarmenagoa Araban Nafarroan baino, eta 90. hamarkadatik aurrera, apur bat handiago Nafarroan Araban baino. Gaur egun hazkunde baxuagoa izan arren positibo mantentzen dute. Behe Nafarroan eta Zuberoan, berriz, XX. mende osoan zehar biztanleak galduko dira. Dena dela, joera beldurgarri horri, Iparraldeko barnealdea husteko arrisku erreala izan baita, badirudi bukaera iritsi zaiola, azken urtetan galerak geditu egin baitira eta irabazi txiki batzuk hasi ematen 2001tik aurrera.

Grafiko 11: Ehko Biztanleriaren bilakaera eskualdeka 1981-2001.

Grafiko 11: Ehko Biztanleriaren bilakaera eskualdeka 1981-2001.

Iturria: datutalaia.net

Taula 15: Biztanleriaren bilakaera, eskualdeka. Euskal Herria, 1981-2001

Eremua   1981 1991 %1981-1991 2001 %1991-2001 %1981-2001
Euskal Herria   2.881.384 2.883.993 0,1 2.903.263 0,7 0,8
Araba
Arabako Ibarrak (A) 4.038 3.623 -10,3 4.681 29,2 15,9
Arabako Lautada (A) 204.006 221.065 8,4 228.991 3,6 12,2
Arabako Mendialdea (A) 3.533 2.922 -17,3 3.092 5,8 -12,5
Errioxa Arabarra (A) 9.347 9.123 -2,4 10.011 9,7 7,1
Gorbeia Inguruak (A) 5.875 5.577 -5,1 6.892 23,6 17,3
Kantauri Arabarra (A) 33.781 34.147 1,1 32.720 -4,2 -3,1
Bizkaia
ArratiNerbioi (B) 22.196 21.265 -4,2 21.262 0,0 -4,2
BilboHandia (B) 932.136 907.522 -2,6 865.799 -4,6 -7,1
Durangaldea (B) 89.921 89.977 0,1 90.495 0,6 0,6
Enkartazioak (B) 31.469 29.953 -4,8 30.028 0,3 -4,6
Gernika-Bermeo (B) 45.079 45.223 0,3 44.110 -2,5 -2,1
Markina-Ondarroa (B) 27.218 26.111 -4,1 26.095 -0,1 -4,1
Plentzia-Mungia (B) 33.846 36.620 8,2 45.213 23,5 33,6
Gipuzkoa
Bidasoa Beherea (G) 64.721 67.835 4,8 71.645 5,6 10,7
Debabarrena (G) 65.815 58.956 -10,4 54.228 -8,0 -17,6
Debagoiena (G) 66.338 63.653 -4,0 62.010 -2,6 -6,5
Donostialdea (G) 319.860 313.969 -1,8 311.398 -0,8 -2,6
Goierri (G) 69.248 64.757 -6,5 63.510 -1,9 -8,3
Tolosaldea (G) 46.259 44.599 -3,6 44.344 -0,6 -4,1
Urola-Kostaldea (G) 60.541 62.538 3,3 66.428 6,2 9,7
Nafarroa Garaia
Erribera garaia (NG) 51.720 51.366 -0,7 55.143 7,4 6,6
Estellerria (NG) 37.579 35.665 -5,1 35.443 -0,6 -5,7
Ipar-mendebaldea (NG) 55.513 53.108 -4,3 53.324 0,4 -3,9
Iruña (NG) 249.700 270.976 8,5 290.723 7,3 16,4
Pirinioaldea (NG) 14.581 13.641 -6,4 13.781 1,0 -5,5
Nafarroa erdialdeko ekialdea (NG) 29.895 29.566 -1,1 30.243 2,3 1,2
Tuteraldea (NG) 68.379 69.241 1,3 77.172 11,5 12,9
Lapurdi
Baiona-Angelu-Biarritz (L) 103.969 108.373 4,2 112.419 3,7 8,1
Lapurdi Beherea (L) 9.282 11.463 23,5 13.073 14,0 40,8
Lapurdi Ekialdea (L) 10.953 12.013 9,7 12.683 5,6 15,8
Lapurdi Erdialdea (L) 13.482 15.963 18,4 19.223 20,4 42,6
Lapurdi Garaia (L) 10.629 11.376 7,0 12.532 10,2 17,9
Lapurditsasegia (L) 41.279 45.125 9,3 49.099 8,8 18,9
Nafarroa Behera
Amikuze (NB) 9.753 9.573 -1,8 9.478 -1,0 -2,8
Arbela (NB) 5.118 5.197 1,5 5.134 -1,2 0,3
Baigorri (NB) 5.968 5.642 -5,5 5.519 -2,2 -7,5
Garazi (NB) 6.913 6.696 -3,1 6.502 -2,9 -5,9
Oztibarre (NB) 1.978 1.870 -5,5 1.744 -6,7 -11,8
Zuberoa
Arbaila (Z) 3.388 3.312 -2,2 3.185 -3,8 -6,0
Basabürüa (Z) 4.966 4.609 -7,2 4.326 -6,1 -12,9
Pettarra (Z) 9.285 8.587 -7,5 8.024 -6,6 -13,6

Iturria: datutalaia.net. Guk egokitua.

Grafiko 12: Biztanleria, eskualdeka (%), 2005

 

Taula 16: Biztanleria herrialdeka zein hiriburu eta hiri-elkarteak Euskal Herria, 2001

Eremua Biztanleria Bizt. (%) Hiriburuak   Biztanleria Bizt. (%) Hiri-Elkarteak  Biztanleria  Bizt. (%)
Araba 287.928 9,9 Gasteiz 226.940 78,8 Gasteiz 226.990 78,8
Bizkaia 1.123.002 38,7 Bilbo 353.173 31,4 BilboHandia 871.616 77,6
Gipuzkoa 673.563 23,2 Donostia 182.930 27,2 Donsotialdea 318.685 47,3
NafarroaGaraia 555.829 19,1 Iruñea 193.328 34,8 Iruñerri 315.284 56,7
Lapurdi 219.029 7,5 Baiona 44.300 20,2 B.A.B 118.471 54,1
Nafa.Beherea 28.377 1,0 Donib.-Garazi 1.511 5,3
Zuberoa 15.535 0,5 Maule 3.315 21,3
EuskalHerria 2.903.263 100 Orotara 1.005.047 34,6 Orotara 1.850.546 63,7

Iturria: www.datutalaia.net. Guk egina.

Espazioari dagokionez, bi portaera ere antzematen dira. Araban eta Bizkaian populazioaren metaketa izan da joera. Joera honek desorekak sortu ditu landa eremuetan despopulaketa bat bultzatzen eta industria edota tertziario sektoreak garatu dituzten herrietan biztanleria metatzen. Adibidez, Arabako biztanleriatik %78,8 Gasteiz hiriburuan bizi da. Bizkaian berriz Bilbo hiriburuak % 31,4 biltzen du baina Bilbo Handiak %77,6a.

Lurralde berdinek, aldi berean, eskualdeetan dentsitate baxuak agertzen dituzte, Arabako Mendialde eta Haranak eta Arrati Nerbioi eta Enkarterri, alegia. Halako zerbait gertatzen da Iparraldean non populazio handia bakarrik kostaldeak daukan.

Pirinioen beste aldera begira, Baionak, Angeluk eta Miarritzek BAB hirigunea osatzen dute eta, Lapurdiko biztanleriaren %52 biltzen da, Iparraldeko %44. Behe Nafarroan eta Zuberoan ez dago biztanleri handiko hiri-elkarterik.

Gipuzkoak lurralde eremu orekatuagoa du eta ez Donostiak ez inongo eskualdeak ez du demografi hazkundea nagusiki zurgatu. Horrela, Donostiako hiriburuak % 27,2 biltzen du eta Donostialdeak ez da ailegatzen Gipuzkoako biztanleri erdira ere biltzera (%46). Nafarroako ereduak, Gipuzkoakoarekin parekatu gabe, ez du Bizkaian eta Araban eman den metaketa prozesua izan. Iruñak Nafarroako % 34,8 suposatzen du eta Iruñerriako biztanleriak Nafarroako %56,7 batzen du. Bere eredua ere orekatuagoa da. Hori bai, ezin dugu ahaztu, Gipuzkoan gertatzen ez den bezala, Nafarroako eskualde bat, Pirinioaldea, demografi txikiko eskualdea dela, etengabe biztanleak galdetzen ari dena.

Beste ikuspegitik ikusita lehen aipatu den beste dinamika, Euskal Herriko penintsularra nahiz kontinentalean ematen den dinamika: gero eta joera handiago dago biztanleria kostaldean kokatzeko, mapetan eta taulan ikus daitekenez.

Grafiko 13: Ehko Biztanleriaren kokapena, 2005.

Grafiko 13: Ehko Biztanleriaren kokapena, 2005.

Azken hogei urteetan (1981-2001) eskualdeetan eman den hazkundea ikusita –ikusi taula 15a- aurreko azterketa baieztatzen da, ñabardura batzuk eginez. Beti kontuan harturik datu erlatiboak direla, Araban lau eskualdek irabazten dute biztanleria (Arabako Ibarrak, Arabako Lautada, Gorbeia eta Errioxa). Arabako Lautada eta Gorbeiaren kasuan Gasteizko eragina jasotzen. Bizkaian berriz Durangaldea –justu hazkunde txiki batekin-, eta Plentzi-Mungia –hau modu nabarmenean eta Bilbo Handiko hazkunde handia jasotzen—, gainontzeko eskualde guztiek galerak dituzte. Gipuzkoan ere kostaldeko joera baieztatzen da, non Donostialdeko eskualdea kenduta (hemen ere nabariak dira Pasaia edo Errenderiko galerak), kostaldeko beste biek (Bidasoa eta Urola Kosta) irabazi handiak dituzten, Donostia berak jaso ezin izan duen hazkundea jasotzen. Salbuespena Debabarrena izango zen, honen eboluzioan ere Eibar eta Elgoibarrek jasandako galerengatik markaturik dagoelako, Deba bera hazkundea izan arren.

Nafarroa Garaian berriz, Iruñerria da eskualderik dinamikoena Tuteraldea eta Erribera Garaia ere joera positibo batekin. Nafarroa erdialdeko eskualdeak hazkunde txikia du, gainontzeko guztiak –eta bereziki Pirinioaldea eta Estellerria % 5a baino gehaigorekin- nabarmen galtzen duten bitartean.

Euskal Herri kontinetalean Lapurdik hausten ditu aurreko beste herrialdeko joerak eta bere eskualde guztiek hazkunde handiak izaten dituzte. Bitixia da justu Baiona-Anglet-Biarritz hazkunderik txikiena izatea baina, azken finean, aldameneko eskualdeak -Baiona ingurukoak bereziki-, jasotzen dute triangelu horren eskaera eta dinamismoa. Berriro baieztatzen da kostaldeko joera. Azterketa bukatzeko Nafarro Behera eta Zuberoko etengabeko galerak azpimarratu behar dira, aurreko egoera larria areagotuz.

5. BIZTANLERIAREN EGITURA.

Kasu honetan bi dira nagusiki, gehien bat, aztertzen diren esparru nagusiak: sexua eta adin egiturak. EUSTATek ongi laburtzen duen moduan (2002) biztanleriaren dinamika eta egitura oinarrizko bi ezaugarrirenarabera laburtu eta prestatu ohi da biztanleriaren banaketan: sexua eta adina. Banaketa hori, hitzarmen unibertsalez, adinen piramideak deiturikoetan azaltzen da: biztanleriaren talde edo espazioa jakin batentzako, momentu jakin batean, histograma bat marrazten da. Histograma horretan abzisa-ardatzak efektiboak (edo proportzioak) ditu eta ordenatuetan adinak, adin-taldeak edota belaunaldiak. Gizonezkoak ezkerrean eta emakumezkoak eskuinean kokatzen dira.

Grafiko honetan, biztanleria batek bizi dituen eta bizi izan dituen demografia-fenomenoak (jaiotzak, hilkortasuna, migrazioak), eragin duten zirkunstantzia historiko klabeak (gerrak, izurriteak, goseteak, diasporak) eta batzuetan, joera kulturak zehatzak ere

(emakumezkoen ume-hiltzea, zahartzaroa babesteko politika edo jarraibide falta edo existentzia, eta abar) ikusten dira.

Bere garrantzi ez dago bakarrik egiten duen biztanleri baten historian edo datuen azalpenetan. Ongi isladatzen du ere biztanleri horren etorkizuna, gaurko egituretan oinarritzen baita.

1.5.1 Sexuen araberako egitura.

Normalean, sexuaren araberako egitura gizonezkotasun tasaren bidez neurtzen da (emakumezko zenbat gizon dauden) eta demografikoki nahiz sozio-ekonomikoki oso datu garrantzitsua da. Horrela, lortutako emaitza 100 baino gehiago baldin bada, aztertutako eremu horretan gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago izango dira eta 100 baino gutxiago baldin bada, kontrakoa.

Jakina denez, funtsean, sexuen erlazioa biologi eta gizarte arrazoien menpe dago, biek gizonezkoen jaiotza eta heriotza tasa handiagoak eragiten dituztelarik. Oro har, gizonezkotasun tasan bi aldagaien araberako aldaketak egoten dira, sexua eta hiri edo landa gunea. Horrela, tasa hau askoz handiagoa da zenbat eta lagina gazteagoa izan, gaur egun Euskal Herrian muga 40 urte inguruan dago, eta landa guneetan. Lehen agertu den bezala, Euskal Herriko barne migrazioa landatik hirigunetara izan da eta horrek eragin du migrazioak emakume aurpegia edukitzea. Ez dago ahazterik zerbitzu sektorea askoz garatuago dagoela hirietan herri txikietan baino eta, lehen zein egun, horretan lan egiteko emakumeek aukera gehiago izan dute. Honetaz gain, kanpotik datorren migrazioa zein kanpora doanaren eragina kontuan hartu behar da, izan ere, normalean, sexu proportzioa alde batera edo bestera aldatzen duelako.

Urte askotan Hego Euskal Herria migrazio korronte baten helmuga izan da eta honek jaiotza tasa handitzea, biztanleriaren gazteagotzea eta sexuen arteko oreka ekarri zituen. Horrela, Hegoaldean eta 1981. urtean, 100 emakumeko 98,4 gizonezko zegoen eta lau lurraldeen arteko diferentziak (Bizkaia 97,6; Gipuzkoa 98,4; Nafarroa 99,1 eta Araba 100,8) oso handiak izan ez arren, barnealde eta kostaldeen arteko ezberdintasunak, berriro ere, ikusgai zeuden. Hurrengo hamar urteetan Euskal Herriak biztanleak galduko ditu, baino batez ere gizonezkoak. Horrela, hamar urteetan bakarrik, hurrengo sexu araberako tasak 100 emakumeko 97 gizonezko ziren. Hamar urte beranduago, Euskal Herri osoarentzat, 2001. urtean hain zuzen, 100 emakumeko 96 gizon bakarrik dago, gizonezkotasun tasa hamar urtero puntu bat jaitsiz.

Hurrengo laukian agertzen den bezala, gizonezkotasun tasa txikiena Lapurdin eta Bizkaian da, zerbitzu sektorea gehien garatuta dagoen lurraldeak izanik. Lehen sektorea gehien garatuta dagoen lurraldeetan, berriz, Nafarroan Beheran eta Zuberoan hain zuzen, gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago dira. Hegoaldeko beste hiru lurraldeetan gizonezkotasun tasa Euskal Herriko bataz bestekoaren gainetik egon arren, gizonezkoak emakumezkoak baino gutxiago dira. Dena dela, Gipuzkoako ereduak ez dauka zer ikusirik barnealdeko beste biekin, izan ere, gizonezkotasun tasa oso antzekoa da lurralde osoan zehar eta dauden ezberdintasun handienak eskualdeko hiriburuen eta landa eremuko herrien artean izanda. Nafarroan eta Araban gizonezkotasun tasa ez da bat ere homogeneoa eta ezberdintasunak eskualdeen artean agertzen dira.

 

Taula 17: Gizonezkotasun tasa, lurraldeka (2001).

  BIZTANLERIA GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK TASA
EUSKALHERRIA 2.232.115 83.302 48.813 95.9
ARABA 287.928 142.892 145.036 98.5
BIZKAIA 1.123.002 545.744 577.258 94.5
GIPUZKOA 673.563 330.288 343.275 96.2
LAPURDI 219.029 103.548 115.481 89.7
NAFARROABEHERA 28.377 14.358 14.009 102.5
NAFARROAGARAIA 555.829 276.629 279.200 99.1
ZUBEROA 15.535 7.821 7.714 101.4

Iturria: www.datutalaia.net, laukia guk eginda.

 

Gauzak horrela, ohikoa da gizonezkotasunak landa eta hiri eremuetan balio ezberdinak agertzea, lehenengoetan altuagoak direlarik. Arrazoia da emakumezkoak direla, gizonezkoak baino, landatik hirira, udalerri txikietatik handietara, migratzen dutenak, landa eremuetan emakumearentzako lan aukerak murritzagoak direlako; hirietan, berriz, lan eskaintzak anitzagoak ditu zenbait jardueren garapen handiagoa dela eta. Orokorrean esan daiteke zenbat eta herri txikiago izan orduan eta gizonezkotasunaren tasa handiagoa dela.

Gogoeta hau guztiz betetzen da Euskal Herriko zazpi lurraldeetan. Gizonezkoen nagusitasuna landa izaera garbiena duten udalerrietan ematen da, 1.000 biztanletik beherakoetan bereziki, non, normalean gizonezkoen proportzioak 110eko balioa gainditzen duen. Hurrengo tartean, 5.000 eta 10.000 biztanle bitartekoak, egoera orekatzen da 100 inguruko balioez. 10.000 biztanletik gorako udalerritan, estatistikoki hiritartzat har daitezkeenak, emakumeak nagusitzen dira, tasa 95 inguruan kokatuz. Orokorrean, zazpi lurraldeetan ematen dira desoreka horiek Araba eta Nafarroako zenbait landa eremuetan: Ipar-mendebaldea, Pirinioak eta Lizarra aldeko eskualdetan, Nafarroan, eta Arabako Haran, Arabako Mendiak eta Gorbeia Inguruko Mendietan, Araban, ere topatzea dago, lurralde hauen barneko heterogenotasuna handia izanik.

1.5.2 Adinaren araberako egitura.

Euskal Herria da Europako herririk zaharrena. Baieztapen hau, ikuspuntu kultural zein historiko batetik askotan entzun izan dugu. Orain, ikuspuntu demografiko soil batetik gauza berbera baieztatzea badago, nahiz eta esanahia ezberdina izan, Euskal Herrikoa baita Europa osoan dagoen zahartze indizerik handiena, Italiakoa gaindituz. Hau baiztatu daiteke bai aipatutako indizea ikusita bai talde nagusien azterketan ere. Berez, Euskal Herria zahartze prozesu batean murgilduta dago.

Zahartze prozesu honetan bi faktorek esku hartzen dute, jaiotza eta heriotza tasaren beherakada, hain zuzen ere. Alde batetik, biztanleri zaharrak erlatiboki gora egiten badu gazteen proportzioak behera egiten duelako da, jaiotza tasa baxuaren ondorioz. Prozesu honi piramidearen oinarritik hasitako zahartze deitzen zaio. Baina, beste aldetik, zaharren proportzioa bataz besteko bizi itxaropena handitu delako ere bada. Hau piramidearen tontorraren zabalpenean ikusten da oso garbi. Gerta daiteke, hala ere, bizi baldintzak hobetzea, bizi itxaropena handitzea eta, batera, hilkortasun tasa haztea. Adierazle honen igoerak, batzuetan, bizi kalitateak okerrera egin duela baino, erakusten duen gauza bakarra da zaharren proportzioa igo egin dela eta, honen ondorioz, heriotza gehiago daudela. Euskal Herrian ezin liteke, beraz, adierazle negatibo bezala hartu.

 

Taula 18: Biztanleriaren adin banaketa lurraldeka: talde nagusiak (2001)*

  E. Herria  Araba Bizkaia Gipuzkoa Lapurdi N. Behera N. Garaia Zuberoa
  Z. abs. % Z. abs.  % Z. abs. % Z. abs. % Z. abs. % Z. abs. % Z. abs. % Z. abs.  %
0-19 516.939 18 50.799 18 186.809 17 117.616 17 47.222 22 5.812 20 105763 19 2918 19
20-64 1.854.616 64 191.067 66 728.076 65 436.522 65 124.974 57 15.899 56 349.588 63 8520 55
+65 531.708 18 46.062 16 208.117 19 119.425 18 46.833 21 6.666 23 100.508 18 4097 26
Guz. 2.903.263 100 287.928 100 1.123.002 100 673.563 100 219.029 100 28.377 100 555.859 100 15.535 100

*Euskal Herrian kontinentalean 1999

Iturria: www.datutalaia.net. Guk egina

Gauzak horrela eta biztanleri talde nagusiei begiraz gero (gazteak, helduak eta zaharrak), 2001eko datuei, Euskal Herriko kasuan 20 urte baino gutxiago duen biztanleria %18a da, 20 eta 64 urte bitartekoak %64 eta 65 urte baino gehiagokoak %18. Lurraldei begira ondoren biztanleri gaztea kasu gehienetan %17-19 bitarten kokatzen dira. Salbuespen Lapurdi (% 22) eta N. Behera (%20) izango ziren. Zahar taldeari begira berriro % 16-19 birten kokatzen dira Euskal Herriko penintsularraren baloreak. Berriz Euskal Herriko kontinentaleko lurrlade guztietan % 20a baino altuagoak dira, datuen atzean arrazoi ezberdinak egon arren (Lapurdi % 21 baina daukan inmigrazio bereziari esker, erretiratuak alegia. N. Behera -% 23- eta Zuberoa -% 26-, zaharztze prozesu propioengatik).

Zahartze prozesu hau berria izan ez arren 80ko hamarkadan izango du inflexio puntua. Hirurogeiko hamarkadan gaztetze dinamika batean sartuta hurrengoan, eta modu apalagoan izan arren, 80koan ematen den izugarrizko aldaketa aurreikusten da. Horrela, Hegoaldean 1981 (258.241) eta 2001ko (474.112) errolden artean 215.000 zahar gehiago zeuden (65 urtetik gora), erlatiboki ere islatzen den hazkundea (%9,7 1981ean eta %17,8) 2001ean). Zahar hazkunde hau gazte (0-19 urte bitartekoak) gutxitzearekin batera dator, modu gogorragoan gainera, hogei urte hauen artean (1981ean 896.958 eta 20011ean 460.987) 435.000 gazte gutxiago daudelako, ia kopuru erdiaren galera. Zenbaki erlatiboetan askoz nabarmenagoa da galera, Erkideko lurraldeek 10 puntu gutxi gorabehera (% 17-18a) eta Nafarroak (% 19a) 13 puntuak galtzen baitituzte. 2001eko datuek joera hau sakonki areagotu dela esaten digute, izan ere, gazteen proportzioak zein kopuruak behera egiten jarraitzen dute eta zaharrena, berriz, handitzen bizitzaren itxaropena luzapenaren ondorioz. Horrela, 1981an Erkidegoko lurraldeek 0-19 urte bitarteko biztanleria %34 zen eta 2001an soilik %17. Gainera, zaharren kopurua oso inportantea baldin bada 60 eta 74 urte bitartean, orain ikusten dugu 75 urte baino gehiagoko zahar kopurua 25 urtetan %3.3 izatetik %8 izatera pasatu dela, sozialki erronka berriak ekarriz.

Prozesu berdina ikusten da zahartze indizea aztertuz gero, non zahar taldeak (>=65) gazte taldearekin (<=19) lotura edota harremanetan jartzen duen, 100 gazteagatik zenbat zahar dauden kalkulatuz. Egun, Euskal Herriak Europako balorerik altuena dauka, 146,3 eta lurralde bakoitzak, noski, baita ere. Aztikerren (2006) txostena jarraituz Euskal Herriko zaharzte indizea 130koa da eta Europako Batasunakoa 91,3. Dexente ongi gainditzen ditu beste balore altuak dituzten herriak, Italia (125,2), Alemania (111,6), Grezia (104,1) edo Espainia bera (102,7). Beste aldetik oso hurrun gelditzen da herri gaztetatik, Irlanda (50,4), Zipre (50,5), Eslovakia (56,5) edo Polonia (60,4). Frantzia, Finlandia, Erresuma Batua edo Danimarkabezalako herriek 81-83,2 bitarteko baloreak aurkezten dituzte.

Taula 19: Biztanleriaren zahartze indizea lurraldeka. (2001)

  E.Herria Araba Bizkaia Gipuzkoa Lapurdi N.Behera N.Garaia Zuberoa
0-15 363.460 34.937 128.457 83.545 34.027 4.191 76.241 2.062
+65 531.708 46.062 208.117 119.425 46.833 6.666 100.508 4.097
Zahar.Ind. 146,3 131,8 162,0 142,9 137,6 159,1 131,8 198,7

Iturria: www.datutalaia.net. Guk egina

Zahartze prozesu hau laburbilduz, eraldaketa sakon honen lehenengo ondorioa, 70ko hamarkadan oraindik kontsideratzen zen gizarte gaztetik zahar batera pasatzea izan da, hamar urtetan bakarrik. Lurraldeen arteko diferentziak egonda ere, bi talde hauen propoportzioak kontuan hartuz Araba, Nafarroa eta Lapurdi lurralderik gazteenak lirateke eta Zuberoa zaharrena, guztiek zahartze indize handia badaukate ere.

Azterketa finagoa eginez gero gauza bitxiak ere aurkitu daitezke. Horrela –eta beti Aztiker metodologia jarraituz eta EHko bataz besteko 130,0 datuan jarriz- eskualdeko baloreak aztertuz gero balorerik altuenak, non biztanleria zaharrena den, Arabako lurraldean ditugu (Arabako mendialdea -323,1- eta Arabako Ibarrak -239,8-), Nafarroa Garaian (Pirinioaldea -218,5- eta Estellerria -178,1-) eta gero Zuberoko eskualdeak (Basaburüa -190,3-, Pettarra -176,5- eta Garazi -168,5-). Azken honen gertutik Bizkaiko Enkartazioak (167,6), Gipuzkoako Debabarrena ((164,6) e.a. Gazteen artean berriz Lapurdiko BAB inguruko eskualdeak –eta ez BAB propioa- (74,7 eta 95,3 bitartez), Iruñerri bera (96,0) Nafarroa Garaian, Urola Kosta (101,9) eta Bidasoa Behera (114,0) Gipuzkoan, edo Plentzia-Mungia (93,1) Bizkaian eta Arabako Lautada (110,4) Araban. Lehenengo kasuetan nekazal gunetan gertatzen hustuketaren prozesuaren ondorioa bada, bigarren kasuan, azken urteetan zonalde dinamikoen gertutik zabaltzen diren prozesuaren ondorioa da.

Guzti hau garbi islatzen da adin piramide guztietan. Biztanleria garatuei dagokien bezala piramide hauek hanpatuak edo puzturik ageri dira, erraboila baten formarekin. Jaiotza tasa baxua izateak piramide oinarriaren estutzea dakar eta bizi itxaropenaren gorakada goiko partea zabaltzea. Aipagarria da, era berean, 65 urtetik gorako emakumeen proportzio nagusia, gizonezkotasun tasa nabarmen behera egiten duela eta emakumearen bizitza esperantza gizonena baino askoz handiago dela frogatzen. Orokorrean, Hegoaldeko piramide guztiak berdintsuak dira eta Iparraldekoak euren artean ere bai, azken hauek marrazki luzeagoak izanik. Gainera, eta agian kopuru txikiagoak daukatela eta, gertakari guztiak gehiago nabaritzen dira Euskal Herriko kontinentaleko adin piramidetan, adin taldeen sarrera eta irteerak nabarmenagoak izanik. Bien artean ikusten ditugun ezberdintasun nabarmenak hauek dira:

- Esan den bezala bi kasuetan oso nabaria da piramidearen oinarriaren estutze prozesua jaiotzaren murrizketaren ondorioz. Hau, Penintsulako lurraldetan nabarmen hasi zen ematen 1975tik aurrera eta horregatik 20-24 adin taldetatik beheruntz gero eta estuago da piramidearen oinarria. Prozesu hau ematen den intentsitatea azpimarratzekoa da. Justu azken urteetan eman den berreskurapenari esker (1960-1977 bikoteak ugaltzeko adinera aikegatu dira gehi inmigrazioaren ekarpena) 0-4 taldea hasi zabaltzen berriro lau lurraldetan.

- Hegoaldekoak oso zabalak dira 25-59 urte bitartean, inmigrazioa eta “baby boom” fenomenoen ondorioaz. Iparraldekoak homogeneoagoak dira.

- Iparraldekoetan estuago agertzen zaigu 20-24 urteko marra, bere lehendabiziko lana bilatzen ari den gazteena edo unibertsitatean dagoenarena.

- Hegoaldean 85 urte baino zaharragoko emakumezko marrak 80-84koa berdintzen hasita dauden bitartean, Iparraldekoek jada luzez gaindituta dauzkate, Zuberoan kasua bikoitza izanda. Era berean, Hegoaldean ez bezala, gizonezkoen marra zaharrenek (+85) aurrekoak (80-84) gaindituta dauzka. Orokorrean hiru lurralde kontinentalek aurkezten duten “txapela” zaharzteko prozesuarekin loturik dago Zubero eta Nafarroa Beherako kasuetan, eta jasotzen duen inmigrazio “bereziarekin” –erretiratual alegia- Lapurdin.

- Biztanleriak sufritu dituen gertakari ezberdinak ongi isladtzen dituzte adin piramideek. Gerren eragina, heriotzetan baino, jaiotze tasan ikus daiteke. Horrela, 60-64 urte bitarteko marrak estuagoak dira Hegoaldean (Gerra zizbilaren ondorioz jaio ez zirenak). Era berdinean 80-84 adin taldean ikusten den sarrera gripe española delakoak jaiotzetan izan zuen ergianren ondorioa da.Berriz, lurralde kontinentaletan 55-59 urteko sarrera II Mundu Gerratearen ondorioz ematen da. Lurralde hauetan ere 80-84 urteko sarrera, bizitza itxaropenarekin lotuta egonez aparte, I Munduko Gerraren eragina ere izan daiteke.

Orokorrean prozesu honetan Euskal Herrian jaiotza eta hilkortasunaren tasen garapenaren ondorioa izan bada, eskualde eta udalerrien arteko diferentziak ulertzeko migrazio mugimenduen eragin desberdinak kontuan hartu behar dira. Migratzaileak pertsona gazteak izan ohi direnez jatorrizko eremuen zahartzea indartzen da, helmugakoetan alderantzizkoa gertatzen delarik. Horregatik zahartzaro indizeak (zaharrak gazteekin erlazionaturik ematen da) bi gauza erakusten ditu: zahartze prozesua eta migrazioen eragin desberdinak. Hurrengo azterketak oso ongi osatzen du aurreko hazkunde ereduarena.

Horrela, Araba, Nafarroa eta Lapurdi, migrazio mugimendu inportanteak jasotzen ari direla, beste lurraldeak baino zahartze indize baxuagoak agertzen ari dira. Azpimarragarria da Nafarroako kasua, izan ere, 1991. urtean Hegoaldeko lurralderik zaharrena izanik, 10 urteren buruan, Arabarekin batera, gazteena izatera pasatu da.

Grafiko 14 : Euskal Herriko adin piramidea, 2001.

Grafiko 14 : Euskal Herriko adin piramidea, 2001.

Iturria: www.datutalalia.net

Aukera dago Euskadi Erkidegoko egoera zehaztasun gehigorekin aztertzeko, EUSTATek (2002) egin zuen txostena jarraituz. Horretan XX. mendearen konparaketa egiten da, biztanleriak izan dituen egoera ezberdinak isladatuz.

Lehenengo adin piramidearekin, 1900koa inguru ia perfektua dute, irregulartasun bereziki nabarmenik gabea. Dudarik gabe, oinarri handienekoak dira (emankortasun handiaren produktu) eta 'adin efektua' deritzonaren emaitza: heriotza-tasak eragindako tartekatzea. Perfil honek adierazten du XX. mendearen azken erdian ez dela izan demografia-krisi garrantzitsurik. Piramide-mota hau normalean, jaiotza-tasa handia eta belaunaldi desberdinen biziitxaropen txikia duten garapen-bidean dauden herrialdeena izan ohi da. Zirkunstantzia horiek ere lagundu egiten dute piramideen irregulartasunak lausotzen. Urte hartan, gazte taldea (0-19) %44,5 suposatzen zuen, zaharrak berriz %5,0 bakarrik (visitas itxaropena bajuaren ondorioz) eta helduak %50,5.

1950ko piramidean errez ikusten dira biztaleriak aurreko urtetan jasandako gorabeherak. Alde batetik nabaritzen da duela 10-14 urte gertatu zen gerra zibilaren ondorioak. Bereziki jaiotze tasak izan zuen beherakada, hots, gerra garaian jaio ez ziren umeak (10-14 adin taldearen sarrera). Bestetik, oinarrian (0-4 adin taldean), jaiotze tasaren berrezkurapena ere ikusten da, oinarria zabalduz, normalean edo zein derritan ematen dena hondamendi naturala edo horrelako gerrate pasa ostean. Nabarmena da ere 30-34 eta 35-39 taldeko sarrera, justu 1920 eta 1920 bitartean jaioak. Talde hauek sufritu izan zuten garai horietan eman zen krisi ekonomikoa eta batez ere 1918 inguruan gertatu zen “espainar gripea” deiturikoa. Horregatik talde horrek duen “haginkada” edo sarrera. Urte honetan gazteak %36 ziren biztanleri osotik, zaharrak %6 eta helduak %58.

1950-1975 bitartean biztanleriak inoiz izan duen hazkunderik handiena ematen Euskadiko Erkidegoko Autonomian. Aldi berean, 1975ko piramidea biztanleriaren zabaltzetik atzeratzeko trantsizio-puntua bezala agertzen da. Urte honetatik aurrera biztanleriaren murrizketa izango du EEAk. Adin talde zehatzei begira 60 eta 70 hamarkadan emandako “baby boom” ongi ikus daitezke oinarriaren lehenengo hiru taldetan (0-15 bitartean, zera, 1975-1960 jaiotakoak). Aurreko piramideak, 1950koa, zeukan zenbait sarrerak edo “haginkadak orain urte horietan etorritako immigranteak joan dira betetzen, nolabait sarrera horiek leuntzen. Halaz ere oraindik nabarmentzen dira gerra zibilan emandako jaiotze tasaren beherakada (35-40 adin taldean, 1940-1935 jaioak eskuin edo eskerreko zutabean) eta “gripe española” eta garai hartako krisi ekonomikoa jasan zituen taldeak (55-60 adin taldean, 1920 jaioak). Beste aldetik, gazte taldeak ez du proportzioan asko aldatu (%36,4), baina zaharrak orain %8,2 izatera iristen dira eta helduak jeisten dira %55,4. Hurrengo adin piramidean baieztatuta geldituko da 1975 adin piramidean gertatzen den inflexioa, zahartze prozesu batean sartuko baita Euskadi Autonomia Erkidegoa alegia, modu oso intentsuan alegia.

Grafiko 15 : Euskadi Autonomia Erkidegoko adin piramideak,1900-2001.

Grafiko 15 : Euskadi Autonomia Erkidegoko adin piramideak,1900-2001

Iturria: EUSTAT (2002): Biztanleriaren eta etxebizitzaren zentsuak 2001. Emaitzen aurrerapena. Censos de Población y Viviendas 2001. Avance de resultados. www.eustat.es

Taula 20: Adin talde nagusien bilakaera 1900-2001

Taula 20: Adin talde nagusien bilakaera 1900-2001

Iturria: EUSTAT (2002): Biztanleriaren eta etxebizitzaren zentsuak 2001. Emaitzen aurrerapena. Censos de Población y Viviendas 2001. Avance de resultados. www.eustat.es

 

1981 zentsua mendearen azken laurdenaren emandako joera islara garbia da, non jaitsiera azkartzen den eta zahartze prozesua bai gazte taldetan bai zaharren taldetan nabaritzen den. Hau 2001ko piramidean oso ongi ikusten da, 20 urteko oinarri estutze prozesuarekin, justu 2001koan agian inflexio txiki bat eginez. Horrela 1981 urtetik aurrera talde guztietan ematen da murrizketa bat, azken zentsua kenduta non errekuperazio txiki bat sumatzen den. Halaz ere aldaketak nabarmenak dira, eta are eta gehiago kontuan hartzen badugu urte gutxietan gertatu dela, aldaketa intentsua izan dela. Gazte taldea %36,4 izatetik 1975an %18,12 izatera pasa dira 2001ean; berriz zaharrak, pisu askoz handiagoa hartu dute eta % 8,2tik %17ra pasa dira. Azkenean helduak ere %55,36tik %64,9ra. Argi gelditzen da hasieran aipatutako zahartze prozesua.

BIBLIOGRAFIA.

- AZTIKER Ikergunea (2006): “Euskal Herria datuen talaiatik 2006”. Txalaparta.

- AHEDO GURRUTXAGA, I. (2005): “Ipar Euskal Herria. Demografía, Economía, Identidad e Historia (1945-2004)”, págs. 129-177, en Historia de Euskal Herria, Historia General de los vascos, tomo 6. LUR Argitaletxea.

- AINZ, M.J. et al (1999): “País Vasco” en La España de las Autonomías (Garcia Alvarado, J.M. y Sotelo Navaltropo, J.A.), Sintesis, Madrid.

- ARREGUI, Begoña (1992): "Demografía vasca:¿cambio cultural o crisis económica?" en II Congreso Vasco de Sociología. Vitoria-Gasteiz.

- CAÑAMERO REDONDO, Antonio (1990): "Los movimientos migratorios en el País Vasco 1975-1985" en Lurralde nº 13 Instituto geográfico vasco/INGEBA, Donostia-San Sebastián.

- EUSTAT (2002): Biztanleriaren eta etxebizitzaren zentsuak 2001. Emaitzen aurrerapena. Censos de Población y Viviendas 2001. Avance de resultados. www.eustat.es

- GALDOS URRUTIA, R. (1998): “Euskal Herri Penintsularreko biztanleria”, Euskal Herriko Geografia (Urrestarazu, E. eta Meaza, G. Edit.), Ostoa, Donostia.

- GALLASTEGI, M.C. y GALLASTEGI,I. (2005): “Un análisis de la economía vasca en las tres últimas décadas”, págs. 185-198, en Historia de Euskal Herria, Historia General de los vascos, tomo 6. LUR Argitaletxea.

- GOMEZ PIÑEIRO, F.J. (1985): Geografía de Euskal Herria. Oikos-Tu Argitaletxea, Bartzelona.

- GURRUCHAGA, Ander et al (1990): Estructuras y procesos sociales en el País Vasco. UPV/EHU, Bilabao.

- HAIZEA (koor.) (1997): Euskal Herriko Geografia. Lur Entziklopedia Tematikoa. Lur Argitaletxea, Donostia.

- HAIZEA y SAEZ, JA. (Koord.) (1998): Nosotros los vascos. Ama Lur. Geografía Física y Humana de Euskalherria, Lur editorial, Donostia.

- IKEI: Economía Vasca. Informe (varios años). Euskadiko Kutxa/Caja Lanoral de Euskadi.

- LUXAN SERRANO, M. (2005): “Evolución demográfica y movimientos migratorios”, págs. 11-32, en Historia de Euskal Herria, Historia General de los vascos, tomo 6. LUR Argitaletxea.

- ORTEGA, Arturo (1995): "Demografía y vida cotidiana" en Nosotros los vascos. Gran atlas histórico de Euskalherria, Edit. LUR.

- PEREZ FUENTES, Pilar y ARBAIZA, Mercedes (1995): "Población y familia. La modernización demográfica (1877-1990)", en Nosotros los vascos. Gran atlas histórico de Euskalherria, Edit. LUR.

- PICABEA SALBIDE, Pedro (1993): "La población del País Vasco. Pasado, presente y futuro" en Lurralde nº 16 Instituto geográfico vasco/INGEBA, Donostia-San Sebastián.

- SANCHO,J. eta LIZARRAGA, M.ª A. (1999): “Comunidad Foral de Navarra” en La España de las Autonomías (Garcia Alvarado, J.M. y Sotelo Navaltropo, J.A.), Sintesis, Madrid.

- URKIDI ELORRIETA, P. (1996): "Estudio de la población guipuzcoana: su evolución 1900-1991 y los cambios más recientes en su estructura" en Lurralde nº 19 Instituto geográfico vasco/INGEBA, Donostia -San Sebastián.

WEB GUNEAK:

- www.eustat.es

- www.cfnavarra.es

- www.ine.es

- www.lurralde.net

- www.aztiker.com

- www.euskosare.org

- www.datutalaia.net

- www.gaindegia.org