Agerre (edo Agirre) baserria, XVII. mendearen amaieran
eraikia, XVI. mendeko eraikin batek izan duen eboluzioaren azken emaitza
da. Oinplano laukizuzena du, eta hiru solairuko egitura: beheko solairua,
lehen solairua eta ganbara.
Bi isurkiko estalkia du, goiko habea fatxadarekiko perpendikularra duena.
Harlangaitzez egina dago, eta harlanduak dauzka baoetan eta kantoietan.
Fatxada nagusian aipagarria da erdi-puntuko hiru arku dituen ataripea (haietako
bat itsuturik dago gaur egun). Arku horren gainean, lehen solairuan,
armarri bat dago erdialdeko ardatzean eta hiru bao txiki leihoetan.
Baserriko ataripeak laugarren arku bat dauka iparraldeko horman,
eraikinari sarbidea ematen diona.
Sarrera nagusia ataripean dauka, arku ojibal eta dobelatu baten eta
beste bao zuzen baten azpian. Ekialdeko fatxadan ere badu beste sarbide
bat arku gotiko dobelatu eta zorrotza duena, eta gezileiho bat ere
kontserbatzen du.
Baserriaren egitura luzetarako lau horma-artek ordenatzen dute. Haietako
bat luzetarako karga-horma da, suhesiaren funtzioa egin eta eraikina bi
zatitan banatzen duena. Sagardoa egiteko dolarearen osagai asko
kontserbatzen ditu oraindik.